Kostatako erabakia izango zen, ala?
Bai. Buelta asko eman dizkiogu gaiari baina ikusi dugu ezin genuela ziurtatu aurtengo lasterketa aurrekoen maila berekoa izango zenik, eta horregatik erabaki dugu aurten ez antolatzea. Korrikalariek ere pena hartu dute, baina uste dut geuri eman digula minik handiena erabaki honek.
Zerk eraman zaituzte erabaki hori hartzea?
Hiru lasterketa antolatzea lana da eta horri gehitu zaio baliabide ekonomiko berrien premia genuela; gain karga handia zen hori guretako. Udalak lagundu digu, baina babesle ekonomiko berriak lortu behar ditugu eta konponbidea bilatzen saiatu behar gara orain, etorkizuneko lasterketei begira.
Bi urtean behin antolatzeko aukera aztertu duzue?
Aukera bat da, baina ez da hori gure asmoa; hori ez da guk gurako genukeen formula. Guk urtero antolatzen jarraitu gura dugu, azken urteetako mailari eutsiz. Gainera, gurako genuke berriz Espainiako edo Euskal Herriko txapelketen egutegian sartzea Oñatiko lasterketa hau.
Korrikalariak lotuta zenituzten?
Erdiak inguru bai, baina ikusita lasterketa bermatzeko arazoak genituela, ez zitzaigun ondo iruditzen bezperan esatea eurei lasterketa ez zela egingo. Eurek euren egutegiak eginda izaten dituzte eta zenbat eta lehenago jakin horrelako erabakiak, hobeto.
Noiz hasiko zarete babesle berriak bilatzen?
Datorren hilean, maiatzaren hasieran, berriro elkartuko gara elkarteko kideok, (25 gara), eta finantziaketa berriak topatzen eta antolatzen hasiko gara.
Arrasate-Oñati eta San Silbestre lasterketei eusten diezue, ezta?
Bai, bai. Bi horiek guk antolatuko ditugu auren ere, Torreauzokoaz (uztailak 3), Abixaran arduratuko da aurten. Bai Arrasate-Oñatik eta baita urteko azken egunekoak ere izaera herrikoia dute, ez dira Corpus bezperakoa modukoak. Antolatzeak lana du, bai, baina beste modu batean egiten da. Bi horiek geuk antolatuko ditugu aurten ere. Arrasate-Oñati urriaren 8an izango da eta aurten denbora gehiago izango dugu antolatzeko.