Lanaren bidez aukerak ematen, itxura berrituaz

Maite Txintxurreta 2016ko api. 22a, 09:00
Katealegaiaren lantegi berria Oñatin

Katealegaia enpresak lantegi berria dauka Oñatiko Goribar auzoan. Mota desberdinetako desgaitasunak dituzten berrogeita hamar pertsona ari dira bertan lanean.

Oñatiko Katealegaiak planta berria dauka urtarrila ezkero. Berezaon hasi zuen bere jarduna enpresak, eta bertakoa izan da planta “historikoa”. Gero, duela hogei urte pasa, Goribar auzoan beste lantegi bat ireki zuten, Berezaokoa “txiki” geratu zitzaiela-eta, Maria Bermejok, tailerreko arduradunak, azaldu duenez.

Gabonetan egin zuten trasladoa, eta urtarrilaren 4an hasi zen lantegi berria martxan. Hau ere Goribarren dago, lehengoarengandik metro batzuetara.

Bermejok dio lantegi berriak hobekuntza ugari ekarri dituela. Esaterako, herriko langile guztiak gune berean egotearen abantaila nabarmendu du. Aipatu du lehenago, noizean behin langile batzuk lantegi batetik bestera mugitu behar zirela, eta hori, organizazio aldetik, astunagoa izaten zela, eta orain arazo hori ez daukatela: “izan ere, beste enpresa batean agian emantzat jo daiteke gehienek autoa izango dutela, baina hemen guztiek ez daukate”.

Horrez gain, instalazio aldetik ere hobekuntza nabarmena igarri dute, aldagela edo berogailu aldetik, esaterako. “Lehenago, emakumezkoen aldagelak bigarren pisuan zeuden, eta eskailerak igo behar zituzten, ez zegoen-eta igogailurik.” Bermejok aipatu du horrek kontratazioan arazoak ere ekar zitzakeela, “hanketako arazoren bat duen norbait ezin baitzenuen ekarri”. “Orain, berriz, ez daukagu barrera bat ere ez!”.

Jantokia izatea ere azpimarratu du arduradunak: “lehen, ogitartekoa jateko orduan, errelebotan zihardutenek kalean edo euren postuan jan behar izaten zuten, eta orain, berriz, jantokian. Instalazio aldetik pilo bat irabazi dugu, asko”. Lantegi berriak argitasun handia duela ere nabarmendu du Bermejok.

Langileak

Katealegaiako tailerreko langile guztiek desgaitasunen bat daukate. Gehienek, Bermejok azaldu duenez, desgaitasun fisikoak dauzkate, eta beste batzuek, berriz, mentalak. “Orain, gutxien daukaguna desgaitu sentsorialak dira”, dio. Desgaitasun mentalen bat dutenek, normalki, babes gehiago behar dute, atentzio gehiago eskaini behar zaie. Azkenaldian sartzen direnen artean, desgaitu mentalak gero eta gehiago direla azaldu du Bermejok.

Oñatiko lantegian diharduten gehienak gertuko herrietakoak dira. “Urrunen, Bergaratik”. Debagoienetik eta Urola eskualdetik, datoz gehienak.

Langile horiek guztiak, enpresako bazkide ere badira. “Gure administrazio kontseilua langileez osatuta dago”, azaldu du tailerreko arduradunak.

Lan motak

Oñatiko Katealegaian manipulazio lanak egiten dituzte. Bi bezero nagusi dituzte: Tesa eta Polmetasa. Lehenengoarentzat, sarrailak muntatzen dituzte, metalezko zein egurrezko ateentzat, baita segurtasunezko ateentzat ere.  

Polmetasarendako egiten dituzten lanen baitan, berriz, bi sekzio dituzte, kalitatearena eta mekanizatua. Lehenengoan, bezeroak ekarritako “bukatutako” piezak berrikusten dituzte, akatsen bat dutenak alboratzeko.

Mekanizatuan, berriz, “nagusiki taladratuak egiten ditugu”. Esaterako, pistoiak edo moteltze balbulak taladratzen dituzte. Hala, Katealegaiatik piezak guztiz bukatuta ateratzen dira.

Aipatutakoez gain, beste bezero batzuk ere badituzte, Nemesio Zubia edo Ulma, esaterako. Bezero gehienak Oñatikoak bertakoak edo gertukoak dira. “Historikoki, Oñatin gertuko bezeroekin lan egin izan dugu. Orain, gauzak aldatzen ari dira, baina lehenago bezeroak eskatzen zuena gertutasuna zen. Edozein motatako arazo edo larrialdiren bat izan ezkero, gertuan zintuzten”.

 

Lourdes Ruiz, langilea: "Hogei urte pasa daramatzat hemen lanean"

Lourdes Ruiz oñatiarra da Katealegaiako langilerik beteranoenetarikoena. Berezaoko lantegian hasi zen.

Zenbat denbora daroazu Katealegaian lanean?

Ez dakit ziur, baina hogei urte baino gehiago.

Ze lan egiten duzu?

Sarrailak muntatzen ditut.

Zer iruditzen zaizu lantegi berria?

Oso ondo, orokorrean dena gustatzen zait.

 

Xabier Galartza, langilea: "Lehen baino toki gehiago daukagu orain"

Xabier Galartza Goribarko plantza zaharretik dator. Oñatiarra da bera ere.

Zenbat denbora daroazu Katealegaian lanean?

Hiru urte egin ditut aste santuan. Azkar pasa da denbora.

Ze lan egiten duzu?

Automozio piezak berrikusi.

Zer iruditzen zaizu lantegia?

Lehengoaren antzera. Handiagoa, hori bai. Lehen baino toki gehiago daukagu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak