Inbertsioen aldaketekin "kezkatuta" dagoela esan du EAJk

Dio "plangintza faltagatik" aldatu dituela gobernuak 2016rako onartuta zeuden inbertsio batzuk 2017ra. Gastu arruntak "gora egin duelako eta soberakinek azken urteotan beheranzko joera nabarmena" dutelako ere "kezkatuta" dagoela gaineratu du.

EAJk dio bidali duen prentsa oharrean Udal Gobernuaren "planifikazio ezak" ekarri duela onartuta zeuden hainbat inbertsio 2017ra pasatzera. Gogoratu du jeltzaleek aurrekontuen kontra bozkatu zutela abenduko osoko bilkuran. Dio EH Bilduko Udal Gobernuari jakinarazi ziotela aurkeztu zuten aurrekontu proiektuak "arriskuan jartzen zuela aurrekontuen-oreka" eta kontu hartzaileak ere arrisku bera iragarri zuela.

Gaineratu du hiru hilabeteren ondoren, "gobernua gaizki egindakoak zuzentzera behartuta dago, baina aurretik zorroztasunez eta tentuz jokatu izan balu, egoera hau ekidin ahal izango luke". Bestalde, 2017rako milioi bat gorde izana ez dela nahikoa ere adierazi du EAJk prentsa oharrean. EAJk beste 1,1 milioi jasotzea proposatzen du, "bereziki, 2017an, tutoretzapeko etxebizitzen proiektuaren bideragarritasuna bermatzeko".

Bestalde, gastu arruntak "igo" egin duelako eta soberakinek "beheranzko eboluzioa" dutelako ere kezkatuta daudela adierazi dute jaltzaleek. "Gastu arruntak %7,02 egin du gora eta diru sarrerek aldiz, soilik, %4,31. Bien arteko aldeak defizitak ekarri ditu; horien artean aipagarriena zaborrek eragindakoa, izan ere, azken 3 urteetan zaborren harira jaso den diru kopurua baino 694 mila euro gehiago ordaindu dira". Eta gaineratu du: "Gainera, aurrekontu-desorekak eragindako 2016ko defizita kitatzeko, 2015 urteko soberakina – ia 3 milioi ingurukoa- behar izan da, berriz ere, aurtengo diru-kontuak orekatzeko, eta argi eta garbi, udal baliabideakondoriorik larriena da hau”.

EAJren ustez Oñatik "beste kudeaketa eredu bat" behar du eta proposatzen dio Udal Gobernuari EAJ-PNVren kudeaketa ereduko printzipioei jarraitzea: "beharrezkoak diren inbertsioak lehenestea, aurrekontu-desorekak ez sortzeko eta inbertsio garrantzitsuei aurre egin ahal izateko diru-funtsak eta erreserbak osatzen joatea eta beste erakundeetatik (Aldundia etb.) eratorritako diru-laguntzak lortzeko gogor lan egitea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.