'Berbia ixuketan' ekimena abian da gazteen irakurzaletasuna bultzatzeko

Maider Arregi 2016ko api. 7a, 13:14

Apirilaren 23an, Liburuaren Nazioarteko eguna ospatuko da. Hala, Oñatiko Udal liburutegian makina bat ekintza egingo dira Tertulixan ekimenaren baitan. Aurten gainera, 13-15 urte arteko gaztetxoen irakurketa taldea sortu gura du Udal liburutegiak

Apirilaren 13an, La pequeña comunista que no sonreia nunca (Lola Lafon) liburuaz berba egingo dute; apirilaren 20an aldiz, Joxe Azurmendi filosofoak idatzitako saiakera liburua Barkamena, kondena, tortura izango dute berbagai. Irakurle taldeen bi saioak eguaztenean 18:30ean egingo dira liburutegian.

Lur Usabiaga ipuin kontalariak apirilaren 28an, eguena, 6 eta 10 urte arteko umeendako saio eskainiko du, 18:00etan hasita haur liburutegian.

'Berbia ixuketan'

Maiatzean, aldiz, Berbia ixuketan ekimena abian jarriko gura du Udal liburutegiak. Helburua da 13 eta 15 urte arteko gaztetxoen irakurzaletasuna bultzatzea. "Gazteen artea irakurle taldea osatu gura dugu. Oraingoz, dena irekia dago. Lehenengo taldea osatu, eta ondoren, euren proposamenen arabera antolatuko dugu maiztasuna, eguna, ordua... Gure lana da kalitatezko genero ezberdinak lantzea gazteekin. Horretarako, baina, teknologia berriekin uztartuko dugu liburu, komiki edo olerkien irakurketa", azaldu du Arantzazu Ibarrondo liburutegiko arduradunak. "Adin tarte horretan, liburuak irakurtzeko zaletasuna galtzen doa eta oso zaila da gazteak erakartzea. Horregatik, teknologia berriek eskaintzen dituzten tresnak uztartuko ditugu irakurketarekin: booktuber-ak eta booktrailer-ak sortu gura ditugu".

Ibarrondok gaineratu du Udal liburutegiak 2016rako duen erronka nagusiena dela: "Horrelako esperientziarik oraindik ez dagoela bailaran uste dut; erronka handia da guretzako. Izan ere, oso zaila da adin tarte horren interesa erakartzea". Booktuber-ak, egungo literatura kritiko berri gisa bataiatu dituzte Nazioarteko hedabideek. Modu horretan, sare sozialetan liburuen gaineko kritikak, analisiak eta iritziak zabaltzen dituen gazteen fenomeno berria dela diote. "Booktuber-etan gazteak dira protagonista eta irakurritakoaren gaineko iritzia ematen dute. Booktrailer-ean, aldiz, liburu bat iragartzeko edo istorio bat girotzeko bideo-muntaia egiten dute", argitu du Ibarrondok.

Irakurtzeko modu berriekin esperimentatu gura duten gaztetxoek aukera izango dute parte hartzeko. Informazio guztia Udal liburutegian edukiko dute.

Ahozkotasunaren jaialdia

Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdiaren sarean sartu da aurten lehenengoz Oñatiko Udal liburutegia. Hala, asteon gonbidatu berezien eskutik askotariko kontakizun eta istorioak entzuteko aukera izan da. Balorazio ezin hobea egin du: "Harrera ezin hobea eduki dute saioek; Kamel aljeriarraren kontakizunak txalo zaparrada etengabeak jaso zituen, esaterako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak