Lenao eta Zingira: etxean profeta

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2016ko mar. 13a, 18:50

Kontzertua hasi aurretik, jakin-mina nabaria zen Oñatiko Gaztelekuan, atzo, zapatua. Bi disko berri aurkezten ziren eta talde berri bat ere bai: Zingira. 160 ikusle bildu ziren Lenao eta Iñigo Ibarrondoren egitasmo berria –Zingira– zuzenean ikusteko. Adin guztietakoak; izan ere, musikoak gazteak badira ere, eskaintzen duten proposamen musikala publiko nagusiagoarentzako ere erakargarria da.

Lenao izan zen oholtzara igotzen lehengoa. Irailean Atzeko kaleko jaietan izan ziren baina atera berri duten diskoak argitaratu dutenetik herrian egin duten lehen emanaldia zen. Iker Martinez de Zuazo (ahotsak, gitarra, aho-soinua), Ander Etxaniz (ahotsak, baxua, aho-soinua), Joseba Aranburu (ahotsak, gitarra) eta Egoitz Olalde (bateria) jotzen hasi orduko, garbi ikusi zen ondo koipeztatutako makina direla, eta soinu bikainak ere asko lagundu zien. Amerikar kutsuko folk-rock elegantea egiten du laukoteak, eta sorkuntza propioko abestiak ez ezik –diskoan aurki daitezkeenak–, hiru bertsio ere jo zituzten, zer iturritatik edaten duten garbi uzten dutenak: Ryan Adams (Ashes in fire), Warren Zevon (Lawyers, Guns and Money) eta Neil Young (Cinammon Girl). Laburbilduz, bada, elkarrekin ezin hobeto ezkontzen diren musiko bikainak, errepertorio elegantea eta oso soinu ona.
 

Zingira ere, bikain

 
Zingiraren formazioan Ander Etxaniz (baxua eta ahotsak) eta Egoitz Olalde (bateria) zeuden berriro dobletea egiten oholtzaren gainean, eta eurekin Mikel Zarketa (gitarra) eta, nola ez, Iñigo Ibarrondo (ahotsa eta gitarra akustikoa), egitasmo honen arima. Argitaratu berri duen diskoko sei abestiak jo zituen taldeak. Aurrez grabatutako instrumentuen laguntzaz (teklatuak, pianoak), kontzertu bikaina eskaini zuen laukoteak. Une batzuetan Sharon Stoner gogorarazten zuten, estiloa bestelako bada ere; izan ere, Ander ezik, Sharon Stoner taldekoak dira gainontzekoak. Oraingoan baina, Ibarrondo gitarra akustikoa jotzen. Lenaorekin moduan, Zingirak ere soinu oso ona izan zuen, baina azpimarragarria da taldearen kalitatea. Eta bereziki, zapatu gaueko oinarri erritmikoa osatu zuten Egoitz Olalde eta Ander Etxaniz aipatu beharra dago, sekulako lana egin baitzuten bi taldeekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak