Nekane Basauri: "Margotzeak kartzela barruko denbora jorratzen lagundu dio Josebari"

Maider Arregi 2016ko ots. 27a, 10:12
Egubakoiztean gaztetxean egindako solasaldia

Familia, lagun eta herritarren aurrean atzo, egubakoitza, aurkeztu zuen Joseba Arregi preso oñatiarraren azken lana Nekane Basauri bere emazteak. Burdin elorri arantzetan... denbora jorratzen Liburuaren muina Azpilleta-k kartzelan egindako marrazkiak dira.

Joseba Arregi Azpilleta-ren azken lanaren gaineko solasaldia egin zuten atzo, egubakoitza, Oñatiko gaztetxean. Nekane Basaurik egun Azpilleta-k, senarrak, bizi duen egoeraz jardun zuen eta liburua egitearen arrazoiak azaldu zizkien bertaratutakoei.

"Aieteko konferentziak eta Etaren suetenak ekarritako ilusiotik eta poztasunetik sortu zen liburu hau egitearen ideia. Oñatiko erakusketak izandako harrera onak eta sortutako ikusminak ere animatu gintuen", azaldu du Basaurik. Izan ere, liburua hainbat zatitan banatzen da: isolamendua, ametsak eta desirak, deportatuak... Egoera horiek islatzen dituzten marrazkiak ikusi daitezke, besteak beste liburuan. "Ni ez naiz margolaria, ni margotzen saiatzen naiz, ahal dudana egiten dut. Marrazteak kartzela barruko egoera gogorra eramaten lagundu dit", azpimarratzen duela Joseba Arregik dio Nekane Basauri emazteak. "Oso gutxi dakigu kartzela barruko bizitzaz eta liburu honek barruko egoera nolakoa den ezagutzera ematen laguntzen du. Jendeari inpaktua eragiten dio. Kartzelaren gogortasuna islatzen du; izan ere, kartzelara doan gazte bati bizitza osoa markatuta geratzen zaio. Baina baita ere deportatuen egoera. Nork daki non dauden?nola dauden? edo deportaturik badagoen badaki gizarteak? Hego Ameriketan eta Afrikan bizi dira gehienak eta euren egoera eta bizitza ez dela erraza azaleratzen dute liburuko marrazkiek".

Liburuko marrazki bakoitzak Arregiren idatzi bat, ideia bat, darama alboan. 42 urte etxetik kanpo bete berri ditu preso oñatiarrak eta liburuan, nola irudikatzen dituen paisaiak ikus daitezke. "20 urteren ostean ilargi betea ikusteko aukera izan du Alacanteko kartzelako leihotik; gauzak asko aldatu dira eta aro teknologikoaz eta digitalaz harritu egiten da. Baita ere gazteek mundu material honetan zernahi egiteko dirua behar beharrezkoa dutela ikusteaz. Berak gortinekin, oihalaz, kartoiaz... egiten ditu eskulanak. Diru gabe gauza ederrak ere egin daitezkeela erakutsi eta transmititu gura du".

Margotzea betiko zaletasuna

"Auto didakta ere izan da kartzela ezberdinetan ahal duena eginez. Kartzelan zailtasun handiak izan ditu marrazkiak egiteko. Zenbait kartzeletan, ordea, bere teknika hobetzeko erraztasun handiagoak izan ditu eta bestelako materialak erabiltzeko aukera ere izan du, buztina esaterako. Eskulturak egiten hasi zen Iparraldean Jesus Etxeberria eskultore ospetsuak erakutsita".

"70 urte martxoan beteko ditu Josebak eta guk oparia egin beharrean berak egin digu guri", azaldu zuen Ander Lizarralde solasaldiko dinamizatzaileak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak