Sorkun: "Disko zintzoa egitea lortu dut"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2016ko ots. 25a, 17:00

Azaroan argitaratu zuen Ziklomorphosia diskoa aurkeztuko du, etzi, zapatua, Gaztelekuan, 22:30ean. Sarrerak bihar eguerdia bitartean bost eurotan eskura daitezke Oñatiko Ona eta Boga tabernetan eta Arrasateko Jaizale tabernan. Leihatilan zazpi eurotan izango dira.

Plaza ezaguna eta gustukoa duzu Oñati.

Bai; Oñati beti izan da gure bidean. Lagun asko ditut han; bertakoa da garai baten taldekide izan  nuen Egoitz Olalde bateria jolea.  

Bakarkako laugarren diskoa duzu. Gustura emaitzarekin?

Emanaldi gutxi egin ditugu. Abenduan lau aurkezpen-kontzertu egin genituen eta otsailaren 13an abiarazi dugu bira. Oso azkarra izan da dena. Kashbäd-ekin bira bukatu eta segidan diskoa prestatzen hasi nintzen, apiril inguruan-edo izango zen hori. Entsegu gutxi batzuk egin, eta segituan estudioan sartu ginen.

Musikari profesionalak dituzu alboan.

Bai; hala da. Jazz arlokoak dira: baterian Juanma Urriza dago, Aritz Luzuriaga baxuan, eta gitarrarekin Mikel Romero eta Fredi Pelaez. Musika ibilbide oso luzea dute. Jam session baten ezagutu nituen. Sekulako samurtasuna dute entsegu gutxi batzuk eginda kantuak barneratzeko. Diskoa ez da erraza jotzeko, eta zelako ondo geratu den ikusita, izugarri pozik nago!

Izenburu konplikatua aukeratu duzu, baina ikuspuntu pertsonaletik begiratuta, zentzu handikoa.

Ziklotimia eta metamorfosia hitzen arteko nahasketa da. Lehenengoa  nik dudan gaitzaren izena da; umorearen gorabehera handiak sortzen ditu; sarritan, depresioarekin nahasten den gaixotasuna da. Gogorra izan da, baina poliki-poliki banoa gaindituaz. Bigarrenarekin, azkeneko urteetan bizi izan ditudan aldaketak gura nituen adierazi; horien artean, gaur egun ama naizela. Azkeneko lana kaleratu nuenetik zazpi urte pasa dira, eta ordutik, gauza asko gertatu zaizkit.

Eider Rodriguez lagunari eskatu diozu kantuen hitzak idazteko. 

Betidanik izan gara oso lagunak. Azkeneko zazpi urte horietan alboan izan dut eta prozesu osoa bizi izan du. Diskoa egiteko orduan, maila handiko euskarazko kantuak sortu gura nituela argi nuen, alboan nituen musikarien kalitatezkoak izateko. Eiderri proposatu, eta pozarren onartu zuen. Gure artean kode estuak ditugu; beraz, esaldi edo keinu bat ematen nion eta handik sortzen zuen berak kantu osoa. Denetariko istorioak daude. Nire buruarekiko disko zintzoa da; horrela sentitzen dut nik. 

Agertokian nola sentitzen zara?

Asko gozatzen dut. Musikalki gauza oso bereziak gertatzen dira lan honetan. Musikari oso onak dira eta asko errazten didate nire egitekoa.

Doinu dantzagarriak dira.

Musikaren eta hitzen arteko nahasketa bat egin gura nuen; izan ere, hitzak oso sakonak dira, baina ez nuen disko triste bat egin gura. Hitzen iluntasuna mozorrotu gura nuen, eta musikalki gauza ezberdina egitea ere bai. Dantzan modu friboloan egiteko asmoz baino, musikalki beste kolore bat emateko baizik. Askotariko estiloetako kantuak daude: jazza, funka, soula, reggaea...

Zazpi urteren ostean, nola hartu zaituzte zaleek? 

Ikaragarri ondo! Durangoko Azokan egunero egon ginen goizetik arratsaldera, eta, egia esan, ez dut sekula horrenbeste sinadura bota. Jende asko hurbildu zitzaidan diskoagatik zoriontzen. Aberasgarria da zaleen iritzia zuzenean jasotzea.

Etziko kontzerturako ze asmo duzu? Izango da kantu zaharrentzako tokirik?

Duda barik; inori ez zaio gustatzen kontzertu batera joan eta dena material berria izatea. Nik, behintzat, ez dut gustuko. Bihar, Kashbäd-en bertsio pare bat izango dira, Onna diskoko beste batzuk ere bai...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak