Martxoan sartuko dituzte musika instrumentuak Eltzian

Oihana Elorza Gorostiza 2016ko ots. 25a, 11:11
Onintze Guridi, Onintza Andres eta Nerea Zubia

Tamaina ezberdinetako hamaika gela egokitu dituzte taldeek entseatzeko. Beste espazioak berrantolatzeko lanak aurten hasi eta bukatu gura dituzte.

Musika Eltzia estreinatzear dago. Herriko musika taldeek entseatzeko erabiliko dituzten hamaika gela egokitu dituzte dagoeneko Eltzian; gela horietako ateak, espazioak intsonorizatzeko ate bereziak, jartzen ari ziren eguazten goizean. Sabaiak ere egokituta daude funtzio hori betetzeko, paretak margotuta, lurra jarrita eta instalazio elektrikoa eginda. Martxoan hasiko dira taldeak euren musika instrumentuak Eltziara ekartzen eta Aste Santutik aurrera hantxe entseatuko dute. 

50etik gora talde

Gela denak ez dira berdinak. Batzuk txikiagoak dira beste batzuk baino, baina bakoitza prestatu dute hiru talde sartzeko moduan. "Oraingoz herriko 33 musika taldek erabiliko dituzte gela hauek. Euren artean adostu dituzte partekatzeak eta guztiek bete beharreko araudia. Araudi zorrotza da, gainera, zigorrak ere jasotzen dituena", dio Onintza Andresek, udaleko parte-hartze teknikariak. "Horiez gain badaude beste bi talde, Trikitxaranga eta Batukada Feminista. Horietan kideak gehiago dira eta espazio handiagoa behar dute, borobilean ere entseatzen dute-eta. Bi talde horiek hamaikagarren gela erabiliko dute, guztietan handiena", gehitu du Andresek.

Eltziak Ugarkalde aldera duen sarrera erabiliko dute musika taldeek, instrumentuak sartu eta atera ahal izateko bertaraino eraman baitaiteke ibilgailua.

Eta musikariek espazio berria erabiltzen hasten direnean hasiko dira herriko beste hemeretzi eragilek, behintzat, erabiliko dituzten espazioak berrantolatzen. "Proiektua eginda dago eta orain plegua idatzi eta lehiaketara aterako dira lanak. Dagoen espazioa beharretara egokituko da eta lanak aurten hasi eta bukatzea da asmoa", adierazi du kultura zinegotziak, Nerea Zubiak.

Aurten egingo dituzten lan horietan Eltziako sotoa, klaustroa dagoen solairua eta lehen solairua egokituko dituzte. "Egungo erabiltzaileak hortxe egonda egingo dira lanak; goiko solairura pasa beharko dira bitartean", gehitu du Zubiak.
Egun Lagun Leku dagoen tokia eta taberna ere tokiz aldatuko da. Taberna klaustroa dagoen solairuan egongo da gero eta deialdi publiko bidez esleituko da zerbitzua, kiroldegikoarekin egiten den bezala. Herritar guztiendako egongo da zabalik eta sarrera propioa izango du. Erretiratuek izango dute tokia batzeko eta orain arteko jardunekin jarraitzeko. Espazioak jardunaren arabera antolatuko dira solairu horretan eta lehenengoan, eta sotoa biltegi moduan erabiliko dute. Musika Eltzia handitu beharra egonez gero, sotoan egingo dute tokia.

Bagarak egindako lana ere amaitutzat ematen da fase berri honekin. "Orain erabiltzaileek kudeatuko dute. Lau talde sortu dituzte ardurak banatzeko eta erabiltzaileen ordezkariak dira taldeetako kideak" dio Bagarako Onintze Guridik.

Eltziako erabiltzaileek txartel bidez zabalduko dituzte gune irekiak eta bakoitzak bere espazioa. Eltzia Eguna egiteko asmoa ere badute ekainean, dena erakusteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak