Ederto moldatu ziren txikienak dantzan egubakoitz eta martitzenean Oñatiko eskoletako aratusteetan. Egubakoitzean Urgain eta Txantxiku ikastolako ikasleak irten ziren kalera; martitzenean, berriz, Elkar Hezikoak. Txokolate bero eta txorizo-opilekin batera ekin zioten aratusteei egubakoitzean Txantxiku ikastolako eta Urgaineko ikasle, irakasle eta gurasoek.
Mitologia Urgainen
Egubakoitz arratsaldean Errekalde eskolako patiora atera ziren mozorrotuta ikasle guztiak, irakasle eta gurasoekin batera. Mitologia gai nagusia izanik gela bakoitzak mozorro bana aukeratu zuen. Errekaldeko patioa ipotxez, Tartaloz, sorginez, eguzkiz, lainoz, lamiez, deabruz eta ilargiz bete zen. Asteetan zehar entseaturiko dantzak eginez eman zioten amaiera egubakoitzeko aratusteei.
Euskal inauteriak Ikastolan
Txantxiku ikastolako ikasleak euskal inauterietako mozorroak jantziz Kotilungorriz eta Zakuzaharrez bete ziren Oñatiko kaleak. Kalejiran jaitsi ziren plazara, bertan Kotilungorrien azken dantzak egitera. Amaitzeko, Txantxiku Ikastolako patioan txorizo-opila janez eman zioten amaiera jaiari eta Amaia Txintxurretak girotu zuen festa musika jarri eta abestuz.
Bikingoak Elkar Hezin
Bikingoz mozorrotu ziren Elkar Heziko txikienak martitzenean, bai haur, lehen eta bigarren hezkuntzako ikasleak. Goizeko hamar eta erdietan haur eta lehen hezkuntzako eskolatik hasita Santa Marina plazara abiatu ziren txikienak kalejiran. Bertan bigarren hezkuntzakoekin elkartu eta bikingoen itsasontziarekin batera Oñatiko plazara jaitsi ziren.Bertan amaitu zuten dantzaldia, aratusteei agur esanda.
Txokolatada euripean
Martitzen arratsaldean txokolate beroa eta txurruekin batera girotu zuten oñatiarrek arratsalde euritsua udaletxeko arkupeetan. Oñatiko Gaztelekuan eman zioten amaiera aratusteei disko festarekin. Euriaren zela-eta kanpoan dantza egiteko aukera egon ez bazen ere, jende ugari batu zen bertan. Gaztetxoenak ederto moldatu ziren dantzan Gaztelekuan, martitzeneko aratusteei amaiera primeran emanez.