Hasieratik izan dute Anariren kantuetan hitzek garrantzia. Oraingoan, esfortzu handiagoa egin duela aitortu du. "Diskotik diskora beste buelta bat ematen saiatzen naiz, baina oraingoan ahalegin handia egin dut bide berriak bilatzen". Hori horrela, egunkarietako hiztegia arlo sentimentalera ekarri du azkeneko bilduman, beste kanpo semantiko bat bilatzeko helburuarekin. Ikur dituen metaforak erabilita, kantuek, neurri handi baten, autobiografiatik zerbait dutela dio, norberaren esperientziatik idazten duelako bakoitzak. "Esango nuke, baina, hitzetan egia dela ematen duena batzuetan ez dela horrela, eta alderantziz, egiazkoa ez dela ematen duena benetakoa dela".
Gitarraren eta pianoren gainean egindako diskoa dela dio. "Ez da aurrekoak besteko rockeroa. Saiatu naiz beste lagun batzuekin jotzen, eta beraiek eman diote, bada, beste ukitu hori".
Donostialdeko teloneroak
Iaz sortu zuten Liher taldearen pop-rock doinuek zabalduko dute Gaztelekuko kontzertua. Boskotea den arren, laukote formatuan igoko dira bihar oholtzara Lide Hernando (ahotsa), Joska Natke (baxua), Beñat Antxutesgi (gitarra) eta Joxan Gonzalez (bateria). Maiatzean kaleratu zuten maketa oinarri hartuta, emanaldia egingo dute. "Orain arte bost kontzertu egin ditugu. Gaurkoa, duda barik, berezia da, Anari moduko talde handi batekin jotzeko aukerarik ez dugu-eta sarritan izaten", dio abeslariak.