Miren Josune Bikuña: "Triatloiak probatu gura ditut aurten"

Xabier Urtzelai 2016ko urt. 22a, 10:29

Iaz Kirolprobak ligako podiumeko hirugarren postura igo zen, baina aurten txapela jantziko du Miren Josune Bikuña oñatiarrak; puntuagarriak ziren 12 herri lasterketetan erakutsitako erregulartasunak saria izan du oraingoan.

"Egia esan, ez dut lasterketa bakarra ere irabazi [Barre], ni baino atleta azkarragoak daudelako. Baina proba guztietan egon naiz, denetan batu ditut puntuak eta erregulartasun horri esker lortu dut lehenengo postuan amaitzea. Egia esan, ez nuen halakorik espero", adierazi dio Oñatikoak GOIENAri aste barruan. 

Bikuñak argitu du herri mailako probak izan direla denak, amateur mailako kirolariekin: "Baina aurrean ibiltzen diren horiek, nahiz eta amateurrak izan, korrikalari onak izaten dira; horregatik, oso pozik nago lortutakoarekin". Hain zuzen, amari eskaini gura izan dio txapela: "Bera delako gehien animatzen nauena eta lasterketa guztietara ni ikustera etortzen dena". 

Triatloiak probatzera 

Abixaran taldeko atletak beste erronka bat du 2016ra begira: "Herri lasterketa batzuetan parte hartuko dut, baina triatloia probatzea da buruan daukadana". Zumaiako triatloian izan du orain arteko esperientzia bakarra, eta, maila popularrean izan bazen ere, irabazi egin zuen: "Maila popularra zen, eta distantzia txikian. Batez ere igeriketan lan handia egin behar dut oraindik, baina Antxintxika taldean izena eman dut eta ilusioz nabil, poliki-poliki hastea da asmoa".

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak