Yeray Varela: "Seriotasunez entrenatzea gustatzen zait, baina badakit atletismotik deskonektatzen"

Xabier Urtzelai 2016ko urt. 22a, 11:19
Yeray Varela, iaz, Oñatiko herri lasterketan.

Edonork ez du arineketan kilometroa 2.48ra egiteko gaitasunik –3.000 metrotan–, eta, abiadura horretan ibilita, Yeray Varelak abenduan lortu zuen marka pertsonala (8.24) pista estalian: "Aire librean hiru segundo azkarrago ibili izan naiz, pista estaliko kurba itxia delako, eta hor abiadura galtzen delako".  Serio dabil aurten, eta entrenamenduetako emaitzek hori berresten dute. Laster iritsiko dira egutegiko lasterketa nagusiak, baina, atletismotik harago, badaki bizitzari zukua ateratzen-

Gabon inguruan erakutsi duzu sasoi puntu onean zaudela.

Bai, gustura nabil eta motibatuta. Inoizko emaitzarik onenak batzen nabil, fintzeko lanean ibili gara, arinago korrika egiteko, eta bide onean goaz. 

Dagoeneko hainbat herri lasterketa irabazi dituzu.

Denboraldia hasi baino ez da egin, eta orain arte San Silvestrean lortutako garaipen bikoitzak egin dit ilusio handien. Abenduaren 31n Azpeitian izan nintzen goizean, eta arratsaldean Oñatin. Dagoeneko ohitura bilakatu da egun berean bi lasterketa egitea, entrenamendu modura erabiltzen dut, eta polita da.

Donostian, berriz, Erregeetako Uliako nazioarteko lasterketan euskaldun onena izan zinen, eta sailkapen orokorrean 8. postuan sailkatu.

Prestakuntza aurrera doa, eta igartzen da hori. Gustura ibili nintzen Donostian, hor maila handiko atleten ondoan lehiatu ahal izan nintzen eta aurrean ibili ahal izan ginen –Hassan El Oubaddi izan zen gizonezkoetan onena–. Baina aurreko horiek koska bat gorago daude.

Gabon aurretik pista estalian marka berria lortu izanak ere erakusten du bide onean zaudela.

Hiru segundo ondu nuen lehenagotik nuen marka (8.24). Aire librean hiru segundo azkarrago ibili izan naiz, pista estaliko kurba itxia delako, eta hor abiadura galtzen delako. Aire librean, berriz, haizea eta halakoak kontran izaten dira, baina egun aproposa egiten badu, kanpoan emaitza hobeak lortzen dira, pistako zuzena luzeagoa delako, eta kurba irekiagoa.  

Aloña Mendiko hainbat taldekide ibiltzen zarete elkarrekin, eta Zumarragako beste atleta batzuekin batera osatzen duzue taldea.

Zumarragan entrenatzen gara, entrenatzailea bera ere hangoa delako. Talde moduan ze lasterketatan egon gura dugun zehazten dugu, eta hortik aurrera bakoitzak erabakitzen du non lehiatu gura duen.  

Aspaldiko aldarrikapena da Oñatin entrenatzeko lekua izatea.

Gugatik balitz, munduko pista onena jarriko genuke herrian, baina kirol jarduera asko egiten dira Oñatin; oraingoz, zain jarraitu beharko dugu.  

Tarteka, kanpora ere joaten zarete lehiatzera.

Eta entrenatzaileak ere horixe gomendatzen digu, gainera. Hemen ia denok elkar ezagutzen dugu, 20-25 lagun batzen gara lasterketetan, eta kanpora joaten garenean erreferentzia horiek galdu egiten dira. Ondo dago beste atleta batzuekin lehiatzea. Burgosera, Madrilera edota Salamancara joan eta non zauden ikustea.  

Laster datoz hitzordu handiak.

Bai, Euskadiko Txapelketa izango da hurrengo hitzordua, eta Aloña Mendikook taldekako sailkapena lortu gura dugu Espainiakora sailkatzeko. Eta ondoren asfaltoa prestatzen hasiko gara, hor ere Espainiako Txapelketan egoteko asmoz.  

Zer-nolako atleta zara? Entrenatzaileak eskatutako guztia %100 betetzen duen horietakoa?

Orain bai, adinarekin lasaitu ere egiten zara eta gaztetan buruan dituzun txoriak alde batera uzten dituzu. Emaitza onak jaso gura badituzu, gogor entrenatu behar da, eta ez du balio etxeko lanak erdizka egiten ibiltzeak.  

Hogeita zortzi urterekin, zer eskatzen diozu atletismoari?

Garbi daukat atletismoak ez didala jaten emango, baina oso pertsona lehiakorra naiz, bai atletismoan eta baita bizitzaren beste arloetan ere, oso zorrotza naiz nire buruarekin. Horregatik, atletismoari eskatzen diodan gauza bakarra da ondo pasatzen jarraitzea, eta posible den neurrian markak hobetzen joatea.  

Daukazun adina –28 urte– aproposa da egiten dituzun distantzietarako?

Bai, oraindik bai. 35 urtetik aurrera hasten da atleta abiadura galtzen, eta txispa galtzen dela ikusterakoan jendeak distantzia luzeagoko probak aukeratzen ditu. Oraingoz, ez zait halakorik pasatu, eta 3.000, 5.000 edota 10.000 metroko probekin jarraituko dut gozatzen.  

Distantzia luzeek erakartzen zaituzte? Asko dira maratoia egitera animatzen direnak.

Badakizu zer gertatzen den? Egiten dudan hori ondo egitea gustatzen zaidala, eta 5.000 edo 10.000 metroko lasterketa bat ondo prestatzeko kilometro mordoa egiten badut entrenatzen, pentsatu ere ez dut gura zer egin beharko nukeen maratoia ondo prestatzeko. Baina bai, etorkizunean egingo dut maratoiren bat.  

Badatoz, besteak beste, Lasartekoa moduko lur gaineko krosak. Lokatz artean ibiltzeko gogoz egoten dira asko.

Bada, ez da nire kasua. Sufritu egiten dut halakoetan, eta amorratuta ibiltzen naiz. Daukadan gorpuzkeragatik, eta korrika egiteko moduagatik, moteldu egiten nau lur gainean ibiltzeak, eta ez dut gozatzen.  

Egia da aurrean ibiltzen diren gainontzeko atletak argalak izaten direla, fin-finak. Zu, kontrara, gihartsua zara. 

Entrenatzaileak esaten dit guztien aita ematen dudala. [Barre] Mediku kontroletara joaten naizenean gainontzeko atletek harriduraz begiratzen didate, "nora dator tipo hau?", baina gero, egindako denborak ikusi eta iritzia aldatzen dute. [Barre] Sarritan esaten didate ea zergatik ez ditudan 200 metroko lasterketak egiten.  

Aurrera begira, beste kirol jardueraren batek erakartzen zaitu? Triatloiek, esaterako?

Ez pentsa, atletismo-zalea naiz ni. Triatloiak erabat baztertuta ditut, igerian pakete hutsa naizelako [Barre] eta bizikleta inoiz ez dudalako ukitu ere egin; burua apurtuko nuke. Akaso, duatloi bat katxondeoan egingo nuke, probatzearren, baina triatloiak baztertuta daude. [Barre]  

Sare sozialetan zu apur bat jarraituta, bistan dago atletismoaz harago ere badakizula bizitzaz gozatzen.

Ez naiz atletismorako bizi, garbi daukat hori. Baina azken urteotan seriotasun handiagoarekin nabil; urteek ematen dute patxada hori. Entrenamenduetan, esaterako, oso serioa naiz, ia ez dut berbarik egiten. Eta aurreikusitako guztia betetzen ahalegintzen naiz, bestela ez naiz-eta gustura geratzen. Hori bai, lagunekin oso gustura ibiltzen naiz, eta neurria galdu barik zapatuetan buelta bat ematea atsegin dut. Eta atletismoko denboraldia amaitzen dudanean... Hor ez dut tarteko biderik, erabat baztertzen dut atletismoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak