Pagoak eraztundu dituzte Iturrigorrin

Josu Bilbao 2016ko urt. 9a, 12:05
Iturrigorri basoan eraztundutako pagoak.

Basoko landare eta animalia espezien aniztasuna zaintzeko zuhaitzen enborrak eraztuntzen aritu dira Gipuzkoako Diputazioko Baso Zerbitzuko teknikariak abenduko azkeneko egunetan.

Baso hau 2006 urtean erosi zuen Oñatiko Udalak, eta helburua, Arantzazutik gora dagoen eremu hau baso esperimental bat bilakatzea izan da, hasieratik.

"Baso esperimentalak helburu ezberdinak ditu. Alde batetik ekoizpena, baina bestetik baita ere babestea. Orduan babesteko helburua kontuan hartuta horrelako lanak ezinbestekoak dira. Zuhaitz bat eraztuntzen dugunean, azala eta egurra pixka bat kentzen diogu, bi edo hiru urtetan zuhaitz hori usteltzen joatea, eta enbor hori mendian hilda gelditzea lortu nahi delako. Izan ere, tente dagoen hildako egur horrekin hainbat helburu lortzen direlako", azaldu du Gipuzkoako Diputazioko Baso Zerbitzuko teknikari Valentin Mugartzak.

Motozerrarekin edota aizkorarekin egin daiteke enborren eraztuntzea. Zuhaitza behera bota ezkero, inguruko beste landareak apurtzeko arrisku handia dago, eta horregatik teknika berri hauek erabiltzen dira. Prozesu honekin, zuhaitzak apurka-apurka joaten dira sikatzen.

Iturrigorri basoaren kasuan, pagoei soilik egin diete eraztuntzea: "Baso honetan ia %99a pagoa da eta interesatzen zaiguna pagoa ez den beste espeziei laguntzea da. Horien artean haritzak, astigarrak, lizarrak, elorriak edo gorostiak aurki ditzakegu. Horretarako espazioa behar dute espezie horiek. Ondoko zuhaitzak kenduta argitasuna eman, eta azkenean hazteko leku gehiago eman. Basoaren aniztasuna bilatzen dugu azken finean".

Hildako egurraren garrantzia

Basoetan ezinbesteko garrantzia du hildako egurrak. Izan ere, materia organikoa sortzeaz gain, animaliendako babesteko edota janaria bilatzeko tokia ere bada. "Eraztuntzearekin hildako egurra sortzen dugu. Baso baten hildako egurra oso garrantzitsua da, eta hemen berez hildako egur gutxi dago. Hori arazo bilakatu daiteke, eta horrela tente geldituko den hildako egurra sortzea lortzen dugu", azaldu du Mugartzak.

Lan berritzaileak

Teknika hauek kritikak ere jaso dituzte basoarendako kaltegarriak izan daitezkeelakoan. Hala ere, lortu nahi diren helburuak jendeak ondo ulertzea da gakoa Diputazioko Baso Zerbitzuaren arabera. "Horrelako lanak nahiko berritzaileak dira, eta batzuetan jendea nahiko harrituta gelditzen da. Horregatik garrantzitsua da lortu nahi duguna ondo azaltzea, askotan ez delako ulertzen zertarako egiten diren horrelako lanak", azpimarratu du Valentin Mugartzak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak