Elbarriendako direnak, errespetatu

Mirari Altube Arrese 2015ko abe. 11a, 17:56

Trautiko kideek kanpaina egingo dute bihar, Oñatin, horiendako aparkalekuen arauen berri emateko. 10:30ean, kartelak jarriko dituzte plaza inguruko aparkalekuetan eta ondoren txorizo mokadutxoa eskainiko dute Foruen plazan.

Trauti elkarteko kideek begiak zabaldu gura dizkiete oñatiarrei. Begiak zabaldu eta elbarrien lekuan jartzeko gonbidapena egingo diete: Jarri bere lekuan, ez bere tokian. Hori dioten kartelak jarriko dituzte bihar, zapatua, 10:00ak aldera elbarriendako hainbat aparkalekutan, eta herritarrei eskatuko diete errespeta ditzatela horiek. Kartel jartzea bukatutakoan, 11:30ak aldera, txorizo muturtxo bat jatera gonbidatuko dituzte oñatiar guztiak, Foruen plazan, kontzientzia kanpaina ospakizuna izan dadin gura dutelako. "Gure beharren berri izan, eta era berean gurekin bat egin dezatela herritarrek", diote.

Orritxo batzuk banatuko dituzte orduan. "Jakinaraziko dugu zein egoera sortzen diren elbarrien aparkalekuen bueltan. Izan ,ere, sarritan, herritarrak ez dira jabetzen zein eragozpen sortzen dituzten bost minutuko kontua dela esanda", dio Trautiko kide den Mikel Etxezarretak. Eta adibide zehatzekin osatu dituzte kontzientzia kanpainaren berri ematen duten orritxo horiek: kiroldegian umea jaso behar duelako bi minuturako bakarrik izango dela esanaz aparkatzea lau argiak piztuta; espaloian edo zebrabidean aparkatzea botikara joateko larrialdi bat dela esanaz… 

Beharraren arabera eskatu 

Oñatin 50 eta 100 aparkaleku artean daude elbarriendako; datu zehatzik ez dute. Trautiko kideak pozik daude kopuruarekin jakinik unean uneko beharrak beti sor daitezkeela: "Elbarrien kopurua aldatuaz doa, behar bereziak edozein unetan sor daitezkeelako", dio Etxezarretak, eta Rafael Kortabarria kideak gaineratu du: "Kale Zaharrean, esaterako, gutxitxo zeuden eta orain jarri dute beste bat". Araudiak dio 40 aparkalekuko bat elbarriendako izan behar dela, baina Trautikoek badakite hori betetzea zaila dela: "Beharrik egon ezean ez da inporta, baina beharrak sortzerakoan eskatu egiten dugu. Eta Udalaren aldetik babes handia jaso izan dugu; laguntzeko gertu daude beti". 

Isunen eraginkortasuna 

Aparkaleku horiek gainerakoak baino askoz zabalagoak dira: "Gurpildun aulkian gabiltzanok atea guztiz zabaldu beharra daukagu gero aulkia jartzeko alboan. Eta ohiko aparkaleku batean jarriz gero autoa ezingo genuke atea guztiz zabaldu, hortaz, ezinbestekoa da guretako", dio Etxezarretak, eta Kortabarriak gaineratu du: "Aparkaleku horiek dira mugikortasun mugatua dutenendako eta askok ez dute hori ulertzen". Herriaren erdigunean eta auzoetan, errespetua berbera dela diote, baina erdigunekoak ez errespetatzeak beti sortzen ditu eragozpen handiagoak: "Han daudelako banketxeak, udaletxea eta beste hainbat zerbitzu".

Errespetarazteko biderik mingarriena isunak jartzea dela argi dute: "Poltsikoa ukitzen digutenean hartzen dugu min", diote Trautiko kideek, eta badute asmoa kanpaina udaltzainei ere zabaltzeko. Hala ere, horren aurretik kontzientzia kanpainak eragina izatea gurako lukete.

Hurrengoan txarteldunak 

Elbarrien txartela Udaleko Gizarte Zerbitzuetan eskatu behar da, eta handik Foru Aldundira bideratzen dute. Diputazioak elbarritasun mailaren eta mugikortasun arazoaren gaineko balorazioa egiten du, eta erabaki txartela dagokion edo ez. %33tik gorako elbarritasuna izan behar du horretarako eta mugikortasun arazoak dituztenek gutxienez zazpi puntu. 

Txartel hori bakarrik erabil daiteke titularra gidatzen doanean edo titular hori garraiatzeko erabiltzen denean. Gainerako kasuetan ezin da erabili. "Amaren, aitaren eta aitajaunaren txartela erabiltzen da askotan, hori egon barik autoan, eta ezin da", argitu dute Trautikoek. "Txartela ez da behar bezala erabiltzen askotan eta horren gaineko hausnarketa ere egin gura dugu", argitu du Etxezarretak: "Hurrengo kanpaina izango da".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak