Benito Lertxundi: "Oñati Euskal Herriko herri kuttunenetako bat da niretako"

Oihana Elorza Gorostiza 2015ko aza. 28a, 10:49
Benito Lertxundi (Argazkia: elkar.eus)

Gaur, zapatua, emanaldia eskainiko du Benito Lertxundik Oñatiko Zubikoa kiroldegian, 22:00etan, Musikegunak egitasmoaren barruan. Aurre-salmenta agortuta dago eta 80 sarrera jarriko dituzte bakarrik leihatilan; 21:15ean zabalduko dute.

Sarrera gehienak salduta daude. Jendea zu entzuteko gogoz dago.

Asko, gainera, azkar saldu ziren eta hori pozgarria da, bai. Egoera horrek laguntzen dizu emanaldia aurrez bisualizatzen.

Nolakoa izango da kontzertua?

Ordu eta erdi edo bi ordu inguru iraungo ditu eta joko ditugun abestiei buruz, batzuk izango dira berriak eta beste batzuk azken diskokoak. Orain arte kontzertuetan kantatu ez ditugu bi pieza joko ditugu, adibidez. Azken laneko abestiak ere joko ditugu, bospasei guztira.

Dagoeneko herrikoiak bihurtu diren kanturik sartu duzue emanaldian? Betiko kantuak, alegia?

Kontu horrekin badut holako harreman berezi bat. Batzuetan maldan gora egiten zait bizitza osoan kantatutako abestiak errepikatzea. Berrien gogoa, nahia, izaten dut. Gustatzen zait betiko abesti horiek aldi baterako aparkatzea, aurrerago eta noizbehinka berriz hartzeko. Badakit, ordea, entzuleak abesti horiek noiz joko zain egoten direla. Betiko pieza horiek entzun gura izaten dituzte eta betebehar moral bat sentitzen dut horrelakoetan. Kontziente naiz zuzeneko kontzertuek hori eskatzen dutela, hori ere badela bihar bezalako emanaldi bat, entzuleek hori gura dutelako, eta jotzen ditut, bai.

Zer moduzko herria da Oñati?

Jarraitzaile leial asko ditut Oñatin. Behin baino gehiagotan egon naiz eta Euskal Herriko herri kuttunenetako bat da niretako, Iruñea, Tolosa, Bermeo edo Lekeitio, adibidez, diren moduan. Esperientziak esaten dit Oñati herri ona dela niretako.  Orion oñatiar askorekin egin izan dut topo eta sarri galdetu didate ea Oñatira noiz noan. Biharko kontzerturako sarrera salmenta ikusita konturatzen naiz ez zidatela txantxetan galdetzen, benetan gura zutela ni Oñatira joatea.

Zenbat lagun izango dituzu ondoan oholtza gainean?

Guztira hamar lagun egongo gara. Ez denak batera, hasieran, behintzat. Instrumentu ezberdinak joango dira sartzen eta behin sartuta oholtza gainean geldituko dira, ez dira jaitsiko. Ahotsetan ere neska gazte batek abestuko du Olatz Zugastirekin batera. Uste dut eskergarria dela instrumentu ezberdinak entzutea, jantzia gelditzen da emanaldia.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak