Aurtengo Euskararen Eguna ere Hezkuntza Mahaiak antolatu du Oñatin, hau da, udaleko Euskara eta Hezkuntza Sailak eta herriko hiru ikastetxeek eta guraso elkarteek. Jolasak, kantuak, tailerrak, antzerki-solasaldia, afari tertulia eta dantza izango dira herrian abenduaren 3an. Herritar denei zuzendutako ekintzak izango dira.
Elkarrekin
Lehen Hezkuntzako lehenengo mailatik laugarrenera bitarteko ikasleak izango dira egunaz gozatzen hasiko diren lehenengoak. 09:30ean hasita elkarrekin jolasean arituko dira adin tarte horretako herriko ikasleak, euskaraz, kiroldegian. 11:30ean, Euskaraz bizi nahi dut kantua abestuko eta dantzatuko dute guztiek elkarrekin. 12:00etan, Batxilergoko ikasleek Eneko Sagardoy eta Mikel Martinez aktoreen Zergatik Jamil? antzezlana ikusiko dute Santa Anan. Ondoren, aktoreekin berba egiteko aukera izango dute. 16:45etatik aurrera haurrendako tailerrak eta herri kirolak izango dira kontzejupean Bertakotze programa eta Txaloka ludotekako hezitzaileekin eta umeekin. Aurpegiak margotuko dituzte eta euskararen aldeko leloak dituzten txapak eta herri kirolak izango dira.
Txartelak eta zapiak
18:00etatik aurrera euskal kantuak abestuko dituzte familia giroan kontzejupean, Jose de Azpiazu musika eskolako trikitilariek lagunduta. Guraso elkarteek txokolatea banatuko dute doan eta ikasleek euskararen aldeko mezua duten bizkotxo zatiak salduko dituzte euro baten. Lortutako dirua ikas bidaiarako izango da. Afari-tertulia ere izango da. Aurten, gainera, Euskararen Egunean bertan egingo dute, abenduaren 3an. Pago Uso elkartean izango da eta EHUko irakasle Pello Jauregi etorriko da, euskararen erabileran eragina duten mekanismoez berba egitera. Txartelak Txokolateixian daude salgai.
Bestalde, Udalak dei egin du abenduaren 3an Euskaraz bizi nahi dut zapiak eskegitzeko leiho eta balkoietan eta zapiak jarriko ditu salgai astelehenetik aurrera, hiru eurotan, udaletxeko harreran. Kultura etxean, Nondik gatoz eta nora goaz erakusketa zabalduko dute astelehenetik egubakoitzera.