Nortasuna indartu gura du Auzokok hirugarren ikasturtean

Oihana Elorza Gorostiza 2015ko urr. 30a, 13:30

Atzerritarrak herrian integratzeko zubi-lanak egiten dituen egitasmoa da; egun hamalau lagun daude taldean eta astean behin elkartzen dira.

"Marokon jaio nintzen eta Oñatira etorri aurretik Belgikan eta Herbeheretan egon naiz. Ez dut inon Auzoko moduko egitasmorik ikusi. Garrantzitsua dela iruditzen zait", dio azken zazpi hilabete hauetan Oñatin bizi den Hassan-ek. Sortzez Nepalgoa den Swejan-ek ere ez du antzerako egitasmorik ikusi inon: "Londresen egon nintzen sasoi batez, eta han ez zegoen horrelakorik. Hizkuntza ikasteko, herria ezagutzeko eta integraziorako oso garrantzitsua da Auzoko niretako. Ni oso pozik nago". Bi urte dira Oñatira etorri zela.

Atzerritarrak herrian integratzeko zubi-lanak egiten jarraitzeko, eurek sentitzen duten behar horri erantzuteko eta era berean herritarren artean gehiago elkar ezagutzeko eta kontzientziazioa zabaltzeko helburuarekin ekin dio Auzokok hirugarren ikasturteari.

Euskara

Egun hamalau lagunek osatzen dute Auzokoko kuadrilla. "Auzokideak dira ama hizkuntza euskara ez dutenak eta Pakistangoak, Kolonbiakoak, Portugalekoak, Argentinakoak, Espainiakoak, Gineakoak, Marokokoak edo Nepalgoak daude tartean. Auzotarren hizkuntza, berriz, euskara da. Maider Sansinenea eta Maika Lizarralde dira, adibidez, auzotarretako bi. Taldean, baina, badago gehiagorendako tokia ere", dio Urko Egañak, Auzokoko dinamizatzaileak.

Astean behin elkartzen dira, baina hitzordu ofiziala izaten da hori; gehiagotan ere elkartzen dira, talde txikiagotan bada ere. Martitzenean, esaterako, hiru lagun elkartu ziren goizean kafea hartu eta hizketan egiteko. "Lagun talde baten moduan funtzionatu gura dugu. Inor ez da inor baino gehiago eta ikasturte honetan nortasuna eman gura diogu talde honi", adierazi du Egañak. Euskaltegira ere joaten dira auzokide batzuk euskara ikastera. Lagunak egitea eta lana aurkitzea da euren desioetako bi eta euskara horretan ere lagungarria egingo zaiela uste dute. Udalarekin duten harreman ona ere baloratu dute Auzoko egitasmoko kideek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak