Eltzia nola kudeatu zehazten hasiko dira bihar

Oihana Elorza Gorostiza 2015ko urr. 23a, 11:40
Onintze Guridi eta Onintza Andres

Kudeaketa eredua definitzeko fasean sartuko da Eltzia eta hiru lan saio egingo dituzte erabiltzaileek Eltzia nola kudeatu zehazteko. Egungo erabiltzaileak ez ezik, erabiltzaile izateko nahia azaldu duten eragileak eta talde sortu berriak daude deituta bilera hauetara. Bihar, zapatua, izango da lehenengoa.

"Egun herriko 17 eragilek dute euren kokalekua Eltzian. Beste horrenbestek hara joateko nahia azaldu dute eta herrian badira sortu diren taldeak ere. Guztiak gonbidatu ditugu kudeaketa definitzeko saio hauetara euren artean ondo nola konpondu daitezkeen eztabaidatuko eta zehaztuko delako saio hauetan. Oinarriak denon artean finkatzea litzateke onena eta horretarako denak egotea komeni da", argitu du Onintza Adresek, udaleko parte-hartze teknikariak.

Kudeaketa eredua definitzeko fasearen lehen saioa pentsatzeko saioa izango da. "Elkarbizitzaren oinarriak zeintzuk izan behar diren eta egunerokotasunean nola moldatu zehaztuko beharko dute, adibidez. Bigarren saioan Udalarekin zer harreman izan behar duten eta hori nola koordinatu landu beharko dute eta hirugarrenean aurrekoetan zehaztutako puntuen gaineko adostasunak lortu beharko dituzte", azaldu du Andresek.

Eltziaren diagnosi fasea, proiektuaren definizioa eta proiektu arkitektonikoaren diseinua lantzeko fasea ere eginda daude. Abendura bitartean egingo duten kudeaketa eredua zehazteko fasea laugarrena izango da. "Egun Eltzian dauden eragileen esperientziak balioko du, duda barik, fase hau definitzen, euren esperientzia kontuan hartzekoa izango delako", adierazi du Andresek. 

Musika Eltzia

Proiektu arkitektonikoa eginda, musika Eltziari lehentasuna ematea adostu zuten eta talde horiek erabiliko dituzten lokalak, gelak, egokitzen ari dira dagoneko. Bagarako kide Onintze Guridik azaldu duen bezala lanak martxa onean doaz. "Asmoa da lanak abendurako bukatuta egotea eta 2016aren hasieran okupazioa egitea", zehaztu du Andresek. Eta gaineratu du: "Musika Eltziak izaera propioa du eta antolamendu propioa izatea ari gara aztertzen. Horretarako beharra ikusten badugu, horrela egingo dugu".

Lan saioak

Hiru saio egingo dituzte kudeaketa eredua definitzeko eta bihar izango da lehenengoa, irekiera bilera. Lan saioen datak hauek dira: urriaren 24an, azaroaren 21ean eta abenduaren 12an. Hirurak Eltzian izango dira, 10:00etatik 13:00etara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak