Ze esperientzia duzu moderatzaile lanetan?
Azken ikasturtean Sopelako irakurle taldean gidari izan naiz eta aurten jarraitzen dut, eta Elgoibarkoan ere badihardut; azken hori euskaraz askorik irakurtzen ez dutenendako da.
Oñatiko talderako ze asmo dituzu?
Orain arte egon naizen bi taldeetan neu izan nintzen lehenengo gidaria; Oñatikoan, taldeak daukan erritmora eta dinamikara moldatu behar naiz. Nire helburua da berritasunari hain lotuta ez dauden liburu batzuk ezagutaraztea. Hala, azarorako, Uxue Apaolazaren Umeek gezurra esaten dutenetik irakurriko dugu; ipuin laburrak dira eta ni txundituta utzi ninduten. Urtarrilerako, Iñigo Astizen Baita hondakinak ere poema liburua irakurriko dugu; hori ere liburu itzela da, baina beste modu baten harritzen zaituena, modu sotilagoan.
Moderatzaile lana asko prestatzen duzu edo unean uneko sentsazioekin jokatzen duzu?
Gaiak prestatu eta irakurleei bidaltzen dizkiet, baina gero taldearen araberakoa da; batzuetan, zuk garrantzia eman ez diozun puntuak zeresana enan dezake eta horri jarraitzen diozu, baina ni saiatzen naiz liburutik tiratzen, erabat lotuta egon gabe; liburuan gai bat baldin badago, gai horren gainean zabalago hitz egiten dugu, pertsonaiez…
Bihar, zapatua, mahai-ingurua egingo duzu Cristina Morano, Jose Daniel Espejo eta Hedoi Etxarterekin.
Bai. Moderatzaileak oso fin egin ditu etxeko lanak eta asteburuan bidali zizkigun landu nahi dituen gaiak. Hizlari gehiago egoteak beti ekartzen dizkizu hizpide berriak. Ez dut ezer idatzita eramango, baina ohar batzuk apuntatzen ditut, bai.