Japonian bezala, hemen ere Rakugoak

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2015ko urr. 21a, 08:00

Japoniako ahozko literatura tradizioa da Rakugoa. Orain dela 400 urte sortutako generoa, bestelako antzerkiak –Kabukoa, esateko– ikustera joateko aukerarik ez zuen herritar xumearentzako sortua. Gurean ezagunak diren ipuin kontaketekin aldera daitezke: egunerokotasuneko gertakarietan oinarritutako istorioak kontatzen dituzte, helburu jakin batekin, baina: publikoari barre eragitea. 

Kontakizun horietan, sarritan hainbat pertsonaiaren arteko elkarrizketa izaten dutenez ardatz, Rakugolariak hainbat pertsonaiaren antzezpena egiten du une berean. Gai askori buruzko istorioak batzen dituzte Rakugo emanaldietan: Japoniako antzinako istorioak dira gehienetan, nahiz eta gaur egungo kontalariek istorio garaikideak edo modernoagoak ere aukeratzen dituzten. Guztiek, baina, umorea dute oinarri. Iraupen motzekoak izaten dira istorio horietako batzuk, minutu gutxitan kontatzen direnak; eta luzeagoak, berriz, beste batzuk, gehienez ordu erdi irauten dutenak.

Bestelako ezaugarriak ere badituzte Rakugo emanaldiek: kontalaria belauniko dago; kimonoa soinean, eta, kontakizunari laguntzeko, paperak beharrean, eskuan abaniko eta zapi bat izaten du sarritan

Bizirik dagoen tradizioa da

Rakugoak kontatu eta entzuteko toki bereziak daude Japonian. Antzokien itxurakoak dira; Tokion, esaterako, lau areto daude eta Osakan beste bat dago. Agertoki bat dute, eta haren erdian izaten da kontalaria, bakar-bakarrik. Rakugo-tokirik ez dagoen lekuetan, bestelako aretoetan ere egiten dituzte Rakugoak. Kontalari gehienak gizonezkoak dira, baina, gaur egun, emakume Rakugolariak ere badaude.

Euskal Rakugolariak ere badira

“Hiromi Yoshida japoniar euskalduna da”, horrela dio haren lagun Axen Eskaladak, Azpeitiko Rakugolariak, eta zera gaineratu du: “Badira urte batzuk urtean birritan Azpeitira etortzen dela, eta kuadrilla ere badu dagoeneko herrian”.

Hizkuntzalaria da Yoshida,  eta Japonian hasi zen euskara ikasten. “Hain ondo ikasi; izan ere, gaur egun, euskara erakusten du Tokioko unibertsitatean. Horrez gainera, euskarari buruz hainbat lan egin ditu; azkena, Sho Hagio herrikidearekin batera, Etxepareren Lingua vasconum primitiae liburua japonierara itzultzea”, esan du Arantzazu Maizek, Eskalada moduan, Azpeitiko Rakugolariak eta Yoshidaren lagunak. “Oso gustura etortzen da Euskal Herrira, eta, Yoshidak berak dioen moduan, Euskal Herritik hainbeste gauza on jaso dituela-eta Japoniatik zerbait berezia ekartzea otu zitzaion. Rakugozalea denez, horiek euskaratzea pentsatu zuen. Hasiera batean, liburu batean biltzeko asmoarekin, baina Axen ezagutzen zuen, eta, antzerki munduan ibilia zela bazekienez, Rakugoak euskaraz egitea proposatu zion”. 

Japoniako lagunaren ideia gustatu, eta horrela hasi zen Axen Eskalada Rakugolari lanetan. Gerora, Arantzazu Maizek eta Maider Ibargurenek Axenen bitartez Yoshida ezagutu zuten, eta horrela sortu zuten Hiromiren Lagunak izeneko euskal Rakugolarien taldea, orain dela hiru urte. Donostiarra da Eskalada, urte askoan Azpeitian bizi bada ere; azpeitiarra da Maiz; eta zestoarra, berriz, Ibarguren. “Afizioz gara Rakugolariak; ogibidez, berriz, osasun langileak Maider eta Arantzazu, eta hezkuntza arloan jarduten du Axenek. Antzerkizaleak gara hirurak, eta giro horretan ezagutu genuen elkar, aspaldi”.

Gaur, eguaztena, Oñatiko helduen liburutegian 

Helduen liburutegian izango dira, gaur, eguaztena, 19:00etan. “Emanaldia ordubete ingurukoa da eta helduentzako dago antolatuta. Umeak ere joan daitezke, baina kontakizuna adi samar jarraitu behar denez, 9 urtetik gorakoei gomendatzen diegu, hortik beherakoei luze samarra egin dakieke eta”. Besteak beste, euskaltegietan, eskoletan eta auzo elkarteetan egin dituzte kontaketak, eta barrez lehertu dute horietara hurbildu den publikoa; orain arte, beraz, helburua beteta!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak