Aurten, berritasun moduan, Eltzia parean hasiko dira danborrak jotzen, gaueko hamaiketan, eta Euskadi etorbidetik Kale Zaharrera bidean joango dira. Aita Madinatik plazara egingo dute danborrek, eta ondoren, Atzeko kaletik Kalegoieneraino joango dira. Kale Barrian behera sartuko dira plazan, gauerdian.
Zaldunak, gastadoreak, barrileroak, danbor jotzaileak, sukaldariak, dantzariak –ehundik gora aurten–, banderadunak, bandako kideak eta danborrada antolatzen dutenak kontuan hartuta, 400 lagunek, gutxi gorabehera, osatuko dute danborrada nagusia Oñatiko kaleetan zehar.
Musika Bandak eta Trikitxarangak izango dute musikaren ardura, azkeneko urteetan bezala. Horrela, San Migel jaiei hasiera emango diete oñatiarrek, nagusien danborradako kolore eta burrunbadarekin.
Txikien danborrada
Ez ospatzeko arriskuan izan da, baina, gazte kuadrilla bati esker, inoiz baino ume gehiagok parte hartuko dute biharko danborrada txikian. Aurreko urteetan, parte-hartzea mugatua zen, eta aurten ez da zozketarik izan: "Lehen, traje batzuk zeuden, eta ume batzuk soilik irteten ziren. Guk, hori apur bat aldatzeko, baserritarren konpainia berri bat sartzea pentsatu genuen. Arropak eurek etxetik ekarri beharko dituzte, baserritarrenak, eta danborrak Arrasaten eta Bergaran eskatu ditugu", azaldu du antolatzen ibili den gazte kuadrillako kide Ane Txapartegik.
"Musika Eskolak entseguak aurrera eramateko laguntza eskaini digu, eta guk beste guztia egin behar izan dugu: haurrekin kontaktuan jarri, arropak txukun jarri, gurasoei informazioa eman, egunean egin beharrekoa bertan antolatu... Udalak ez zela haurren danborradarik egongo jakinarazi zuenean, taldetxo bat bildu ginen eta aurrera aterako genuela erabaki genuen, inor ez zegoelako prest", azaldu du danborradako antolaketan dabilen Ane Txapartegik.
Guztira, 150 umek parte hartuko dute. Danborrada irailaren 19an ospatzekoa zen, baina Udalari atzeratzea eskatu zioten gazte kuadrillatik, entseguak beranduago hasi zituztelako, eta 26an egiteko proposamena onartu zuten.