Oñatiko jaiak 2015

Jaietan aske, independente, beldur barik

Maialen Torres 2015ko ira. 25a, 12:40

Gazteei indarkeria sexistaren aurkako baliabideak emateko, Beldur Barik gunea jarriko du Udalak. Txantxikuaren jaitsieraz gain, aurten Beldur Barik gunea ere izango da protagonista San Migel jaien hasieran. Beldur Barik guneak "eraso sexistei eta erasotzaileei zuzenean aurre egitea" du helburu, eta astelehenean, hilaren 28an, 19:00etatik 22:00etara egongo da martxan. Unibertsitate hiribidean jarriko dute, parrokiako atariaren parean, jai giroaren erdigunean, ahalik eta jende gehienarengana heldu ahal izateko.

"Indarkeria sexistaren aurkako bitartekoak eskura jartzeko gunea izango da, baita gaiari buruz lasai hitz egitekoa ere", azaldu du Oñatiko Udaleko Berdintasun batzordeak. "Herritarren arteko harreman ona, elkarren zaintza eta tratu egokia sustatu nahi ditugu", gaineratu dute. 

Egungo egoerari erantzuna 

Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, sexu eraso saiakerek %29,4 egin dute gora 15 eta 29 urte arteko adin tartean. Gainera, erasotzaile guztien artean, %30 inguru adingabeak dira, eta eraso gehienak aisialdiguneetan edo jaiguneetan izaten direla diote datuek, gauean zen goizaldean. Datuok dira, beste hainbatekin batera, Berdinsareatik jaiotako Beldur Barik ekimenaren jatorria eta gunea bera gazteei zuzenduta egotearen arrazoia. 

Izan ere, Berdintasun batzordetik azaldu dutenez, gertaera horien ondorioz, hainbat emakume gaztek jaiguneak ekiditen dituzte bertan ez direlako aske sentitzen. Kasu "larrienetan", berriz, erasoen errepikapena dela eta, jarrera horiek "onartu eta normalizatu" ere egiten dira, jendartearen "konplizitate isilari" esker. 

"Askotan, kosta egiten da indarkeria bortitzekoak ez diren erasoak eraso gisa identifikatzea", diote batzordetik. Horregatik, ezinbestekotzat jo dute gazteak formatzea, euren ustez, portaera erasokorrak identifikatzen irakastea baita horiei aurka egiteko lehen urratsa. Funtzio horretan laguntzeko, indarkeria matxista zer den azaltzen duten gidak prest ditu Beldur Barik guneak. 

Gainera, Udalak herriko emakume taldeak eta mugimendu feministak gonbidatu ditu Beldur Barik gunera. Guztien artean, emakumeei ahalduntzeko eta burujabetzarako tresnak eskainiko dizkiete, "inongo lotsarik edo beldurrik gabe, aske eta independente izan daitezen". 

Prozesu horretan, gizonezkoen funtzioa ere "ezinbestekoa" dela uste dute Berdintasun batzordean, "erasotzaileen salatzaile zuzenak izanda eta indarkeria matxistaren aurkako jarrera aktiboa hartuz".

Baliabideak, gazteen esku 

Gaian adituak diren pertsonek gidatuko dute gunea, eta, adibidez, erasoak ekiditeko aholkuak emango dizkiete, baita erasorik jasanez gero jarraitu beharreko pausoak azaldu ere. 

Dena den, informaziogunea izateaz harago, elkartrukerako gunea izango da, eta gazteek euren  iritziak, kezkak eta interesak partekatzeko aukera izango dute. Horretarako, iritziak emateko arbela, indarkeria sexistaren aurkako txapak egiteko tailerra eta bestelako materiala izango dute eskura.

Horrela, emakumeek "beldurrik gabe" jaiez gozatzea lortu nahi dute Beldur Barik gunearekin, eta ez hori bakarrik, "ligoteo sanorako bitartekoak" ere eskaini nahi dizkiete gazteei. Dena den, gazteentzat bakarrik ez; interesa duen herritar ororentzat zabalik egongo da gunea.

Udalak, gainera, gaiaren lanketarekin jarraitzeko asmoa du ikasturtean zehar. Beldur Barik gunea, beraz, plangintza zabalago baten pausoetako bat baino ez da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak