Oñatiko jaiak 2015

Antolakuntzaren arima... eta aurten parte-hartzaile!

Julen Iriondo 2015ko ira. 25a, 12:28

Zein eta Joxe Mari Bengoa izango da aspaldiko lehen oñatiarra Santalutzian. Galdera: "Pentsatuko zenuen sekula zuk izan behar zenuenik aspaldiko urteetan lehen oñatiarra Nazioarteko Artzain-txakur Txapelketan?"; Bengoak barre, eta irribarrerik kendu gabe erantzun: "Ez, ezta pentsatu ere"; hiru aldiz errepikatu du. "Baina, bueno, orain hasi naiz sinisten txakurra ona daukadala eta... Ilusionatuta, bai".

Galdera: "Pentsatuko zenuen sekula zuk izan behar zenuenik aspaldiko urteetan lehen oñatiarra Nazioarteko Artzain-txakur Txapelketan?"; Bengoak barre, eta irribarrerik kendu gabe erantzun: "Ez, ezta pentsatu ere"; hiru aldiz errepikatu du. "Baina, bueno, orain hasi naiz sinisten txakurra ona daukadala eta... Ilusionatuta, bai". 56. aldia izango du aurtengoa txapelketak, eta esku bateko hatzak adina ez dira bertan parte hartu duten oñatiarrak. Bada, irailaren 6an, Legazpin, Gipuzkoako txapela irabazi eta lortu zuen Santalutziarako txartela bertako antolatzaile lanetan 28 urte daramatzanak: "Ezustean harrapatu duen lehena neu izan naiz", zioen. 

Antolatu eta parte hartu 

Aurten biak egin beharko ditu, parte hartu eta antolatu, antolaketa lanak albo batera uzteko asmorik ez du-eta, batere, parte hartu beharragatik: "Antolakuntzan jarraitu egin behar dut. Nik, hemen, pentsatzen dut zazpi minutuko lan bat izango dudala; lehenengo ariketa zazpi minutu izaten dira, hona etortzen diren guztiak oso txakur onak izaten dira, txapeldunak izaten dira, eta pentsatzen dut aurrera beste batzuek egingo dutela hemen, ez dakit zer egingo didan hemen, baina...". Badaezpada, atea irekita uzten du, txakurrak egin diezaiokeenagatik

Baina berak ere izango zuen errurik Gipuzkoakoan, eta izango du Oñatin ere, ez daramatza alferrik hainbeste urte halako txapelketetan, antolatzaile, baina ikusiz eta ikasiz: "Mahaitik, lasai-lasai, asko ikusten da: hor puntan dabiltzan artzainek milimetroak ere hartuta dituzte, noiz geratu txakurra, noiz bidali eta abar; aldiz, berriak hasten direnei, normalean, txakurra geratu orduko lar aurrera pasatzen zaie, ardiek buelta hartzen diete, berriz ere lana egin behar izaten dute... Nik horiek truku denok badakizkit, badakizkit, eta hori abantaila da, bai". 

Txakurraren garrantzia 

Kontua da, baina, Legazpin berarekin lehian ibili zirenak ez zirela hasiberriak –Lagun eta Jesus Mari Plazaola arrasatearra, bigarren sailkatuak, eta Azkar eta Juan Jose Arrizabalaga elgoibartarra, hirugarrenak, adibidez–, eta aurrea hartu ziela Bengoak: "Bai, baina txakurra ere behar da"; merituaren zati handiena txakurrari aitortzen, berriz ere. "Arrizabalagak duen txakurra zaharra da dagoeneko, eta Plazaolak esaten du gutxi ibiltzen duela"; eta berea "betidanik ona" izan dela dio. 

"Genetikoki" omen da bere txakurra –Gorbeiako euskal artzain-txakurra– ona: "Lau urte ditu, eta oso txakur ona da. Gazte-gaztetatik ikusten zitzaion sen ona zekarrela. Artzain munduan ibilita, askotan entzun dut, bai hemen eta bai kanpoan, Frantzian-eta, lau bat urte behar izaten dituela txakurrak bere puntura iristeko, eta nik hori konprobatu egin dut honekin. Ze, orain arte, beti izan da bizia, beti ibili naiz eutsi ezinda". Bengoak ez du esan gabe utzi nahi Fidel Alonso artzain laudiarrak oparitutako txakurra dela Eder –hark oparitutakoa, Oñatiko iazko irabazle Enrike Mendigurenen etxeko arbasoak dituena–; txapelaren zati bat Alonsori eskaintzen diola dio.

Erretiroa hartu ostean, artzain 

Asko ikusi eta ikasitakoa bai –eta etxean, baserrian, laguntzen-eta ibilitakoa–, baina, esanda moduan, Legazpiko bere lehiakideak ez bezala, Joxe Mari Bengoa bada hasiberria artzaintzan eta txapelketetan: "Erretiroa hartu nuenean jarri nituen ardi batzuk; oparitu zidaten txakurra, eta hor nabil, erdi-artzain lanetan, txakurrarekin egunero". 

Eta Gipuzkoakoa izan zuen bere lehenengo txapelketa –aurretik, zenbait erakustalditan-eta ibilita bazegoen–; parte-hartzaile gutxi egoten direla-eta erabaki ei zuen izena ematea. Izena eman eta irabazi: "Azkena atera nintzen, txakurra emea delako; eta ondo: neu lasai, ze nik ez nuen esperantzarik txapela ateratzeko; besteak ez ziren hain ondo ibili, eta niri hain ondo egin zidan! Ardiak ere ondo portatu ziren, hori ere esan egin behar da, ze txapelketan garrantzitsua da zortea ere"

Oñatiko txapelketak entzutea bai, baina herrikoen bertakoen artean, gaur egun, behar lukeena baino estimu gutxiago duela uste du Bengoak; ez da nahi beste jende joaten festa bezperetako hitzordura. Oraingoan, agian, jende gehiago animatuko da, aspaldiko partez parte-hartzaileetako bat oñatiarra izango dela –eta nor den– kontuan izanda; Bengoa ez dago ziur, hala ere: "Beno, zenbat etorriko da, bada, gehiago horregatik?".

Orain bera hasi dela artzain lanetan, gustura hartuko luke erreleboa antolakuntza lanetan: "Oñatiko egoera gaur egun ez da ona. Gu nekatuta gaude; berririk ez dator, baina uzteko gogoa dugu. Eta nik ez dakit, herrian nik ez dut sumatzen sentsibilitate handiegirik txakurretarako". Antolakuntzan jarraituko duenik behar dute, Nazioarteko Txapelketak herrian jarraipenik izango badu.

Txapelketetan bai, txapelketetan jarraitzeko asmoa badu Bengoak: hori har hori hor dut barruan, eta txakurra dudanez, beste batzuekin lehian ibiltzeagatik besterik ez bada ere, bai, jarraituko dut". 

Domekan, 10:30ean 

Hurrengo zita, esan bezala, zita handia, etxean, Santalutziako zelaian, domeka honetan 10:30ean, Euskal Herriko, Herrialde Kataluniarretako eta Biarnoko txakur eta artzain hoberenekin batera, asmo eta helburu garbiarekin: "Behintzat, nik lana txukun egitea, eta horixe egiten badut, konforme".

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak