"Sorpresa handia hartu genuen albistea entzutean", dio gidoilari eta ekoizle lanetan aritu den Aitor Arregik. Izan ere, filma euskaraz izateak aukerak mugatuko ote zizkien ardura zuten, fase horretaraino iristen den lehen euskarazko filma baita.
Orain, hautagai nagusia aukeratzeko zain daudela, Arregik uste du akademiko askok gehien gustatzen zaien filma bozkatuko dutela, baina argi dauka: "Filma gazteleraz izango balitz, aukera gehiago izango genituzke".
Dena den, "pozik" dago Loreak filmeko lantaldea, eta ez da harritzekoa, Nobel sariekin batera mundu mailako sari ezagunenetakoak baitira Oscarrak. "Guretzako, eta neurri batean euskal kulturarentzako, oso pauso polita da", aitortu du Arregik.
Duela ia urtebete Zinemaldian estreinatu zutenetik, hara eta hona ibili da Loreak-eko taldea, Arregik dioen moduan, "zarata ateratzen". Ezinbestekotzat dute "filma ikusgarri egitea eta jendearengana helaraztea", akademikoek kontuan har dezaten. Horregatik, hainbat zinemalditan izan dira, tartean Kanadan, AEBetan eta Tokion. Zinemaldi horietan, ordea, hizkuntza ez da arazoa izan, "ohituta" daudelako filmak jatorrizko bertsioan ikusten.
Bide luzea aurretik
Oraindik galbahe asko pasa behar ditu filmak Oscar sarietako alfonbra gorrira iristeko, Espainiako hautagai izateko aukeratuko balute ere, beste hiru hautaketa pasa beharko bailituzke zeremoniara iritsi baino lehen.