San Martin auzoko plan partzialaren auziaren bueltan, Udal Gobernuak esandakoari erantzun dio alderdi jeltzaleak prentsa ohar bidez.
Hauxe da bidali duen oharra:
"Prentsa ohar baten bidez, Oñatiko EAJ-PNVren udal taldeak aurreko legealdian San Martingo etxebizitzen auzia epaitegietara eramateko hartu zuten erabakiaren arrazoiak argitu nahi izan ditu. Jeltzaleen arabera, “gure asmo bakarra oñatiarren interes soziala defendatzea izan da beti. Konbentzituta gaude ardura politiko eta sozialetik jokatu dugula, ulertzen dugulako gure ardura zela Oñatiko 32 familiek 90.000 euroko gainkostua ordaindu behar ez izatea“ nabarmendu dute.
Talde jeltzaleak onartu du hasieratik ezagutzen zutela aurkako epai baten arriskua, arlo honetako legediaren konplexutasunarengatik baina, horren jakitun izanda ere, aurrera jarraitzea erabaki zutela interes soziala defendatzen zeudela konbentzituta. “Ardura osoz jokatu dugu eta oñatiarren interesak defendatzea izan da gure helburu bakarra” azpimarratu dute.
Bestetik, Udal Gobernutik adierazi dute beraien erabakiak EAJ-PNVk hasi eta eskeletoan utzita zegoen eraikina bukatzeko izan zirela, obrak geldituta zeudela ulertzera emanez. “Argi utzi nahi dugu San Martingo etxebizitzen lanak ez direla sekula geldituta egon eta gure planteamenduak bideragarriak izateaz gain, etxebizitza horiek erosiko dituzten familientzat onuragarrienak ere bazirela”.
Bukatzeko, EAJ-PNVko zinegotziak ohartarazi dute sententzia honekin galtzaileak ez direla beraiek izango, etxebizitzarengatik gehiago ordaindu beharko duten 32 familiak baizik. Honela, udalak San Martin auzian izan duen jarreraren onuradun bakarra irabazi handiagoak izango dituen enpresa eraikitzailea izango dela uste dute, eta kontzientzia lasai dutela ere gaineratu dute".