Auzia aurreko agintaldikoa da. Udal Gobernuak proposatu zuen San Martinen egin behar ziren etxebizitzen lursail berean "etxebizitza gehiago, txikiagoak eta merkeagoak" egitea; 49 gehiago, 132 guztira. Etxebizitza horiek prezioa mugatua izatea gura zuen EH Bilduk, hau da, babes ofizialekoen prezioa bider 1,7, gehienez. EAJ ados agertu zen plan partzialarekin, baina jeltzaleen iritzia zen proposamen horrek ez zuela betetzen 1994ko lurzoru araudia, ezta egungoa ere. Hala, plantetazen zuen, guztira egingo ziren 132 etxebizitzetatik 32 babes ofizialekoak izatea.
Udal Gobernuaren proposamenak legea betetzen ez zuela argudiatuta, epaitegira jo zuen EAJk, baina haren epaia Udal Gobernuaren aldekoa izan da.
Alkateak ondorengo azalpena ematen du auzi honen aurrekarien eta gertaturikoaren gainean: "EAJ-PNVk inolako epe mugarik ez jartzearen ondorioz eskeletoan zegoen bi behe-barrutako etxe-blokea eraiki eta auzogunearen urbanizazioa amaitze aldera hartu beharreko erabakia izan zen hura, etxegintza enpresekin akordioa erdietsi ostean. Irtenbiderako proposamen erreala diseinatu behar izan genuen legeak ematen dituen aukerez baliatuz: eraikigarritasuna handitu gabe etxebizitza txikiagoak eta merkeagoak. EAJk proposatzen zuen irtenbide irreala mahai gainean jarri izan bagenu, oraindik eskeletoan jarraituko luke bloke hark, eta inguruak zer esanik ez".
Idoiagak zioen, baita ere, auzi honetan ez duela "EAJk galdu eta EH Bilduk irabazi", herritarrek galdu dutela, "familia askok prezio altuagoan ordaindu beharko dituztelako etxebizitzak". "Udalaren proposamenarekin, eraikuntza enpresek bakarrik irabazi dute, gehiago kobratu ahal izango dutelako", zioen EAJren bozeramaile ohiak.
Baieztapen horiei ere irmo erantzun nahi izan die EH Bilduren udal taldeak: "Eta gainera onuradun bakarrak etxegintza enpresak izan direla entzun behar! Bada, ez! Onuradun nagusiak herritarrok izan gara eta bereziki San Martin auzoguneko bizilagunak!".
Eta ondorengoa gehitzen du alkateak oharrean: "2013ko irailaren 25ean txosten juridiko sendoa aurkeztu zitzaion EAJ-PNV udal taldeari agertzen zuen jarrera oztopatzailearen aurrean. Baina, hala ere, aurrera egitea erabaki zuten, erabakia epaitegietara eramateraino. Oinarri juridiko gabea eta neurriz kanpokoa iruditu zitzaigun erabaki hura, gero sententziak erakutsi bezala".