Jaietako egitaraua gaur hasiko dira banatzen etxez etxe

Oihana Elorza Gorostiza 2015ko ira. 11a, 11:06
Eltzian egiten dituzte entseguak

Bi aste pasatxo falta dira nagusien danborradarako eta hala, aurtengo San Migel eta Errosario jaiak hasteko. Herriko festak ospatzeko egitarauan, baina, irailak 19tik aurrera antolatutako ekintzak sartu dituzte, San Migel eguna hilaren bukaeran bada ere, ospakizunak askoz lehenago hasten direlako Oñatin. San Migeletatik Errosaixoetara egun bakarra egongo da aurten atseden hartzeko.

Aurten ere ume, gazte zein nagusiendako ekitaldiak antolatu dituzte, eta udala saiatu da herritar denen gustuko egitaraua osatzen. Txosna batzordeak antolatutakoak ere jasotzen ditu eta baita hilaren 20an egingo den Argia eguna ere. Gaur, egubakoitza, hasiko dira jaien egitaraua etxez etxe banatzen.

Betikoak eta berriak

Foruen plazan, txosna gunean, Etxaluzeko parkean zein Atzeko Kalen egingo dira, besteak beste, antolatutako ekintzak. "Aurten ere herriko espazio ezberdinak aprobetxatu eta jaiak herrian zehar zabaltzearen aldeko ohitura horri eustea erabaki dugu", adierazi du Nerea Zubia kultura zinegotziak.
Musika kontzertuak, danborradak, txorimaloak, barrakak, gastronomia hitzorduak, Errosaixo bixamona eguna, Herri Eguna, kirol txapelketak... ohiko ekintzek ez dute hutsik egingo aurtengo jaietan ere. Azken urteetan antolatu izan duten Egun Morea ere egongo da aurten. "Baina berritasunak ere badaude", aurreratu du Zubiak. San Migeletatik Errosaixoetara, atseden hartzeko egun bakarra egongo da aurten.

140 ume baino gehiago

Antolaketa lanetarako jendea falta zela eta hasiera baten arriskuan egon bazen ere, azkenean irailaren 26an egingo dute Oñatiko haurren danborrada. Neskatila-mutikoek hilaren 1ean hasi zituzten entseguak. LH3 eta LH4ko umeendako zabaldu zuten deialdia eta izena eman duten guztiak aterako dira umeen danborradan; 140 ume baino gehiago. Hala, konpainia berri bat izango da aurtengo haurren danborradan; baserritarrez jantzita joango dira eta Arrasateko danborradan erabiltzen dituzten danborrak astinduko dituzte.  Jose de Azpiazu musika eskolakoak ari dira arduratzen musika prestaketaz. Eurekin batera Oñatiko gazte talde bat ari da lanean: umeen izen-emateak egin, entseguak antolatu, arropen ardura hartu ...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak