Parketxeko harrera lekutik Biozkorniako leporantz abiatuko dira 9:00etan, eta hamaika kilometroko ibilbidean zehar, Aizkorri-Aratz parkeko inguruaz gozatzeaz gain, Kataberako meatzeen historia ezagutzeko aukera izango dute mendizaleek. Izan ere, garai bateko meategiaren garbitegia, meatzarien barrakoiak eta aireko tranbiaren euskarria ikus daitezke oraindik bertan, Legazpi inguruan meatzaritzak izandako garrantziaren erakusle. Garaiko langileen testigantzen arabera, meatzeak Arantzazuraino iristen ziren, eta bertatik, 1872tik 1935era bitartean, blenda, galena eta kalamina ateratzen zituzten. Horiek Udanako labeetan egosi, eta Brinkolako geltokia erabiliz, trenez banatzen zituzten.
Aizkorri-Aratz parkeko mendi irteera egitarauko gainerakoetan bezala, oraingoan ere, hiru euro ordaindu beharko dituzte helduek eta haurrek, berriz, bi euro.
Apirilean hasitako mendi irteera zerrendari urriaren 18an emango diote amaiera. Zurkutz ingurura egingo dute ibilaldia, bertako lepotik Arabako lautada ikusteko.