Hamar talde, iaz baino bat gehiago, izango dira aurten Arantzazun Elkarrekin Bila proiektuaren eskutik

Leire Kortabarria 2015ko abu. 23a, 08:00
Arantzazuko santutegia eta inguruak.

Ekainera arte, gizarte, ongizate eta txertaketa arloetako zazpi elkarteko kideak izan dira Arantzazun, Elkarrekin Bila proiektuaren eskutik. Abuztuan etenaldia egin eta gero, irailean beste talde bat etorriko zaie. Aurten, denetara, hamar talde etorriko dira Arantzazura, iaz baino bat gehiago. Izan ere, urtetik urtera, talde gehiagok nahi izaten dute Arantzazun egotea.

Elkarrekin Bila proiektua iaz jarri zuen martxan Arantzazuko Kontseilu Pastoralak. Helburua da zailtasunak dituztenei Arantzazun egon, kalitatezko denbora librea pasatu eta formazioa hartzeko parada ematea, santutegiak eta inguruko instalazio eta baliabideek ematen dituzten aukerak aprobetxatuta.

Aurten, honako taldeak etorri dira Arantzazura programa horren eskutik:

Lagun Artean (Bilboko Caritasen eskutik; etxerik ez dutenendako elkartea) eta Gizakia (Bizkaiko Caritasen eskutik; drogekiko mendekotasuna dutenendako proiektua) martxoan izan ziren.

Apirilean: Argibide, Arabatik. Buruko gaixotasunak dituztenendako da.

Maiatzean: Inclusion Bergara. Bazterketa arriskuan daudenak batzen ditu; Hurkoa: adineko pertsonak eta, horien artean, buruko gaixotasunak dituztenak bereziki; eta Atzegi, adimen urritasuna dutenen elkartea.

Ekainean: Aema, Arabatik; esklerosi anizkoitza dutenen elkartea.

Irailaren 22tik 24ra, Bizitza Berria elkartea etorriko da, Arabatik. Gasteizko alkate izan zen Jose Angel Cuerdak sortutako elkartea da eta etxerik ez dutenen alde egiten du lan.

Urriaren 6tik 8ra, hainbat lekutan preso dauden elkarte bateko kideak etorriko dira; eta urrian ere, Bizitegi elkartekoak; kaputxinoek sortutako elkarte horrek bazterketa arriskuan daudenak laguntzen ditu.

Gomiztegi ikusi, abesbatzak entzun…

Arantzazun, dozena bat ekintza eskaintzen zaie elkarteei, eurek zenbait aukera ditzaten. Arantzazuko Kontseilu Pastoraleko kide Iñaki Beristainek dio arrakastatsuenetariko bat Arantzazuko bide egokituan ibilaldia eta Gomiztegiko baserria bisitatzeko aukera dela; talde guztiek aukeratzen dute hori. Aizkorri-Aratzeko parketxea ikusi, Oñati bisitatu eta txokolatearen gaineko azalpenak jaso, Arrikrutzeko kobak ikusi, Oñatiko abesbatzen emanaldia jaso… dira beste aukera batzuk. Aurten, Urkulura bisita ere eskaini izan zaie lehenengo aldiz.

Abuztuan ez dute horrelako egonaldirik jasotzen, Arantzazuko gogartetxea beteta egoten delako eta hori erabiltzen dutelako taldeek.

Pisu handiena laikoek daroate

Arantzazuko Kontseilu Pastoralean erlijiosoak eta laikoak daude, baina Elkarrekin Bila proiektuaren "pisu handiena" laikoek eramaten dutela dio Iñaki Beristainek. Proiektuak harrera bikaina du: "Talde guztiek errepikatu nahi izaten dute, baina berriei ere aukera eman behar izaten zaie. Datorren urterako badauzkagu lau elkarte berriren eskaerak, eta dagoeneko egon diren batzuenak ere bai", esan du Beristainek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak