Ekain hasieran odol erreserbak baxu samar zeudela ikusita, deialdi berezia egin zuten Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako Odol Emaileen Elkarteek. Erantzuna "oso ona" izan zen, Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteko presidente Sabin Urtzelairen esanetan: "500 poltsa inguru genituen, eta lehen egunetako ateratzeei esker, 800 poltsa izatera pasa ginen".
Abuztura ondo iritsi ziren, baina oraingo hilabetean zehar "jaisten" joan da biltegietako odol maila. Kontuan hartu behar da ere odol talde batzuen erreserbak zailago betetzen direla beste batzuenak baino; eta, bestalde, Urtzelaik azaltzen duen moduan, "globulu gorriek 42 egun bakarrik irauten dute gordeta", ez gehiago, eta beraz, uda hasieran erreserba handiak izanda ere, berritzen joan behar dira.
Hala ere, kontrolpean dago egoera eta uda "nahiko ondo" bukatuko da odol erreserba aldetik. Kontuan hartu behar da, gainera, ezohiko beharrik ez badago behintzat, abuztuan jaitsi egiten dela ere odol eskaera, ebakuntza-eta gutxiago egiten direlako.
Odol-ateratzeetan hiru gauza batzen dira: globulu gorriak –hauek beharrezkoak izaten dira odol-galera dagoenean; istripuak daudenean, adibidez–, plaketak eta plasma.
Odol erreserbak, bateratuta
Orain dela gutxira arte, bestalde, Araba eta Bizkaiko emaileen odola alde batetik gordetzen zen, eta Gipuzkoakoena, beste batetik. Orain urte eta erdi inguru, dena bateratu egin zen. Sabin Urtzelaik dioenez, "hobe da horrela, izan ere, modu horretara oso erraz ikusten da ospitale bakoitza nola dagoen eta ze behar dituen".
Astelehenean Oñatira joan zen unitate mugikor bat; normalean, ikastolan izaten dira ateratzeak, baina, orain oporretan daudenez, ezin izan zituzten instalazio horiek erabili. Hurrengo odol-ateratzea Bergaran egingo dute, irailaren 26an.