Inork gura ez zuen gonbidatua agertu zen lasterketa hasi baino minutu batzuk lehenago: euria. Zoru bustiak, berez, lasterketak duen arriskua nabarmendu egin zuen. Hala, euriak eragina izan zuen azken emaitzan. Aurtengo Kantoikrit lasterketak 24 kilometro izan ditu: herri barruan egiten den ibilbideari 16 itzuli.
54 txirrindulari irten ziren irteera puntutik: horietako batzuk italiarrak, frantsesak eta espainiarrak. Euskaldunak 19 izan ziren, horietatik bost oñatiarrak.
Indarrak neurtu zituzten
Irteera neutralizatua izan zuen lasterketak. Lehenengo itzulia motorren atzetik egin zuten lasterkari guztiek; behin lehenengo itzulia bukatuta, benetako lehia hasi zen. Zoru bustiak sor zezakeen arriskua ikusita, txirrindulari askok indarrak neurtu zituzten. Iban Morentek, baina, teknika bikaina duela erakutsiz erakustaldia eman zuen Oñatiko kaleetan.
Itzulia kenduz gero, lasterketatik kanpo
Lasterketako araudiaren arabera, lehenengoak itzulia kenduz gero –doblatu– lasterketa utzi beharra zegoen. Modu horretan, bata bestearen atzetik lasterketa uzten joan ziren txirrindulariak, eta hiruk bakarrik amaitu zuten 24 kilometroko ibilbidea. Iban Morentek 42 minutu eta 57 segundo behar izan zituen lasterketa amaitzeko.
Saria: Kantoikrit diseinua duen koadroa
Sari banaketa ekitaldia plazan egin zuten. Iban Morentek txapeldunaren saria irabazi zuen: 8bar enpresak egindako koadroa, Kantoikriteko diseinu bereziarekin. Podiuma osatu zuten: Marco Hitak –Madrid– eta Sergio Antonek –Valladolid–. Emakume onena Irene Mendez izan zen –Murtzia– eta oñatiar onena Iñigo Mugarza. Gainera, lehenengo itzulian azkarrena izan zenak 100 euroko sari berezia jaso zuen: Sergio Anton izan zen azkarrena.
"Lasterketa ikusgarria"
Iban Morentek lehenengoz hartu zuen parte Oñatin, eta oso gustura zegoen bai emaitzarekin, eta baita lasterketak emandakoarekin ere: "Ikusgarria iruditu zait lasterketa. Egutegian gorriz markatuta geratuko da, datorren urtean errepikatzeko. Ibilbide guztian zehar dagoen giroa da lasterketa erakargarri egiten duena. Horrez gain, harbide zatia oso dibertigarria da". Gaineratu zuen: "Euria egitea ez dugu gustuko... baina dagoenarekin egin behar dugu aurrera. Euriarekin ez dugu hainbeste arriskatzen. Nik gaur zorte handia izan dut ez naizelako jausi".
Irene Mendezek emakumeendako beste araudi bat eskatu zuen
Murtziatik etorri zen Irene Mendez: "Gainerako txirrindulariek oso ondo berba egin didate lasterketa honetaz eta nik ere hemen egon behar nuen". Hasieran urduri jarri zela aitortu du, "euriagatik". Hala ere, lasterketa arriskutsua eta dibertigarria iruditu zitzaion.
Hiru emakume izan ziren Oñatiko irteera puntuan, baina irabazle nagusiak hiruei itzulia kendu zien. Horren harira, zera esan zuen Mendezek: "Uste dut, lasterketa arriskutsua zela kontuan hartuta, eta aurreratzea zaila zela kontuan hartuta beste araudi bat egon beharko litzatekeela, emakumeen lasterketa ere aurrera atera nahi bada. Antolatzaileekin berba egin dut eta esan didate kontuan izango dutela etorkizuneko probak antolatzerako orduan. Izan ere, gero eta presentzia handiagoa dugu emakumeok pinoi finkoko lasterketetan".