Gaur egin dute Zero Zabor astearen barruan egiteko zen Araozko zabortegi zaharraren garbiketa auzolanean. Hogei bat lagun elkartu dira, eta galtzak bete lan ibili dira, izan ere, zabor asko dago pilatuta Araozko zabortegian. Etxeko tresnak, pilak, bateriak, plastiko zatiak, botilak... Polea baten laguntzarekin gora atera eta bi edukiontzi handitan eraman dituzte hondakin horiek guztiak.
"Helburu bat baino gehiago ditu ekintza honek", azaldu du Imanol Biain oñatiarrak. "Alde batetik gure ingurunea garbitzea eta bestetik kontzientziazio lana. Sasoi batean kontrolik gabeko zabortegiak erabiltzen zituen jendeak, baina gaur egun daukagun zerbitzuarekin ezin daiteke onartu. Zorionez gutxi dira oraindik ere horrelakoak erabiltzen dituztenak, baina egon badaude, eta eskatuko genieke arduraz jokatzeko", gaineratu du.