Unibertsitate mailako transferentzia egiteko gunea da Arantzazu letraz gunea, sorkuntza, heziera eta erakusketa ekitaldi noizbehinkakoen bidez. Arantzazu Gaur Fundazioak eta EHUk sinatu duten lankidetza-hitzarmenaren fruitu da, eta hiritar interesatu guztiei zabalik dago, Diseinu Grafikoaren inguruko komunikazio-gune bezala.
Gandiaga Topagunea izango da bere lekua eta Oriol Mirók emango dio hasiera urte honetarako prestatu den programari. Miró Bartzelonan jaio zen eta kaligrafiari eskaini dio bere bizitza profesionala, 1994. urteaz geroztik: kaligrafia eta tekniken irakaslea da Bartzelonako Elisava Eskolan; tipografia irakaslea, Bartzelonako IDEP Eskolan; eta Tipografia Aurreratuaren Masterrean kaligrafia eta lettering irakaslea, Bartzelonako Eina Eskolan.
Letra etzana, luma-mutur metalikoz idatzia
Maite ditu letra eta liburuak, tintak, paperak, oihal eta pergaminoak, pintzelak eta edozein luma-mota; marra eta letra bete-betean. Lantegi honetan, maisuak letra etzana luma-mutur metalikoz idazten erakutsiko du, Ludovico Arrighi eta Bernardino Cataneo errenazentista italiarren moldeak nabarmenduz, eta Juan de Yciar Vizcayno-ren kantzelaria aztertuko du.
Bere esanetan, letra etzana edo Kantzelaria Errenazimendu italiarreko letra etzana da. Duen interes historikoaz gain, idazkera pertsonal arin, bizkor eta dotorea lortzeko bidean, molde egokiena bera da. Eta molde horretatik datoz egunero irakurtzen eta inprentan erabiltzen ditugun letra etzanak.
Sekulako arrakasta
Lantegi honetarako izen-emateak sekulako arrakasta izan du: lau astean, erabat bete da lekua. Oriol Miró maisuak letren maitale den jendea ekarriko du Arantzazura, eta munduko paraje desberdinetatik gainera, hala nola, Mexiko, Kolonbia, Madril, Salamanca, Huesca, Burgos, Zaragoza, Burgos eta Euskal Herritik. Parte-hartzaileen artean profesionalak, afizionatuak eta ikasteko gogoa dutenak daude.