Martxoaz geroztik Zehar Heziketa elkarteak kudeatzen du Oñatiko gaztelekua, eta horrek, bertako lantaldea eraberritzea ekarri du. Sei hezitzaile dabiltza egun gaztelekuan: Julen Korkostegi, Arantzazu Agirre, Ainhoa Anduaga eta Iñigo Goikoetxea; eta aurretik ere bazebiltzan Joxe Mari Azpitarte eta Cristina Val. Horietaz gain, bi koordinatzaile ere badaude, Ihart Lete eta Jon Ormaetxea.
Eredu berria ezarri dute gaztelekuko erabiltzaile diren 8 eta 17 urte arteko haur eta gazteekin lan egiteko; Jon Ormaetxearen hitzetan, aisialdi hezitzailearen bidetik doan eredua: "Proposamenak geuk egin beharrean, abiapuntua da haur eta gazteekin elkartzea; euren gustuak eta interesak aztertzea; eta elkarrekin zer egin dezakegun eurei galdetzea, baita proposamenak gauzatzeko zer egiteko prest dauden ere". Era honetara, parte-hatze handiagoa lortzen dela dio: "Haur eta gazteak inplikatzea eta haiek ardurak hartzea lortzen da, sortu duten horretan protagonista sentitzea". Eredu honetan hezitzaileek lider lanak egiten dituzte, erabiltzaileak xaxatuz, ideiak planteatuz eta arazoak konponduz.
Udarako, plan mordoa
Jon Ormaetxearentzat haur eta nerabeek oso ondo hartu dute eredu berria, eta udararako hainbat ekintza antolatu dituzte: "Futbol eta fronteniseko txapelketak antolatu dira; baita, besteak beste, Hondarribian zein Iturrigorrin gaua pasatzeko egindako irteerak eta Gamarrara eta Arcachonera egingo ditugunak ere". Uda parteko ekintzak kanpoan diren arren, uda ostean dinamika berarekin jarraitzea da asmoa, baina gaztelekuko lokala gehiago erabiliaz.