Cegasako langile ohiak daude Cegasa Portable Energyn eta eurek dute eskaintza honen lidergoa. Erreferentziazko bazkidea Bilboko Reflectia taldea du. Beste inbertitzaile pribatu batzuk ere badaude tartean, baina babes publikoa ere badu, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta SPRIren aldetik.
Teknologia berrien unitateak ez du jarraipenik izan Cegasa International konkurtsoan sartu zenetik. Beste atal batzuekin ez da horrela izan; adibidez, Oñatiko unitatea Sherpa Capital kapital-fondoak erosi zuen abenduan.
Lau urtean, 30 langile
Cegasako langile ohi horien helburua da enpresa berri bat sortzea. EUS Energy Storage izango du izena eta Bizkaian egongo da. Enpresa horrek azken belaunaldiko litio-ioizko bateriak ekoiztuko ditu, eta datozen lau urteotan 8 milioi euro inbertitu nahi ditu. Gainera, Cegasako Teknologia Berrietan ziharduten 18 langileak enplegatuko ditu, eta lau urteetan 30 langile izan nahi ditu.
Prentsa oharrean esan dutenez, teknologia berrien unitatea berreskuratzea "estrategikoa" da Cegasa Portable Energyren jabe berriendako, "proiektu garrantzitsuetan" lanean dabiltzalako. Gaur egun, energia biltzeko teknologietan ibilbide luzea duten prestigio handiko zazpi profesionalek osatutako I+G+b talde "indartsua" du enpresak.
Aurten, 25 milioi euro fakturatzea aurreikusten du Cegasa Portable Energyk. Ekoizpenaren %80 esportatu egiten du, batez ere Europara.