Hitzarmenak langileen eskaerak jasotzen ditu: hain zuzen, aurten soldata %1,3 eta KPI + 1,7 handitzea, eta 2016rako 1,7ko gutxieneko bermea.
Era berean, lizentzietan eta baimenetan hobekuntzak lortu dituzte, eta zuzendaritzaren konpromisoa mutuekin ez kontzertatzeko gaixotasun arruntarengatik hartzen diren bajen jarraipena eta kontrola.
Langileen eskaera garrantzitsuenetako bat lan-erreformarekiko babesa zen. Bada, hori ere lortu da; izan ere, babes artikulu guztiak jasotzen ditu hitzarmenak, eta enpresak ezin izango ditu soldatak alde bakarreko erabakiarekin aldatu ez eta hitzarmenaren edukiak aplikatzeari utzi ere.
ELA sindikatuaren iritziz, Garayko langileek erakusten dute nola "antolakuntzarekin eta borrokarekin hitzarmen duinak lor daitezkeen".
Langileen eta zuzendaritzaren arteko akordioa joan den egubakoitzean lortu zen.