Proba konbinatu horretako lehenengo diziplina, igeriketa, Uribarri Ganboako urtegian egingo da, Landan. Ondoren, parte-hartzaileek mendiko bizikleta edo BTTa hartuko dute eta Arantzazuko Santutegira abiatuko dira. Bidean Elgeako mendilerroa eta Santutegi inguruko basoak zeharkatuko dituzte. Zirkuitu gogorra da eta zati tekniko dezente ditu. Arantzazura heldu ostean, kirolariek mendiko zapatilak jantzi eta Aloñako eta Aizkorriko mendilerroek osatzen duten gailurreriapeko zelaietara igoko dira. Urbiako baselizatik igarotakoan santutegira itzultzeko bidea hartuko dute, bertan amaituko baita proba.
Probak bi distantziatan izena emateko aukera eskaintzen du, PRO adituentzat eta OPEN hasi berrientzat, baita hiruko taldeetan izena emateko aukera ere.