"Xterra frankizia bat da, Europako beste leku askotan antolatzen dituzte mendiko triatloiak, esaterako, Frantziako zirkuitua oso ikusgarria da, eta guk Euskal Herrian antolatzeko interesa erakutsi genuen", azaldu du.
Turismoa sustatzeko asmoaz
Antolatzaileek Arantzazuko eta inguruko parajeak aukeratu dituzte proba egiteko: "Gurean turismoa kostaldean sustatzen dugu gehienbat, eta proba hau barnealdean egin gura genuen. Debagoiena aukeratu genuen, eta zehatzagoak izateko, Arantzazu, daukan balioagatik, eta Aizkorri-Aratz parkearen edertasunagatik".
Mendiko triatloi bakarra
Lasterketaren gaineko xehetasun zehatzak aurrerago emango dituzte antolatzaileek: "Hainbat kontu zehazten ari garelako oraindik. Gabon aurretik jaso genuen baiezkoa, eta erlojuaren kontra gabiltza lanean. Eta, pozik gaude oso harrera ona jaso dugulako harremanetan jarri garen Debagoieneko hainbat kirol elkarteren partetik".
Hala, Arantzazukoa izango da Euskal Herrian egiten den mendiko triatloi bakarra. Baieztatu barik badago ere, igeriketa saioa Urkulun egitea da asmoetako bat, handik Urbiara mendiko bizikletan joatea, eta hango inguruetan korrika saioa egitea. Eta, gogortasunaren arabera Open eta Pro kategoriak izango dira.