Alkategaiak ezagutzen

Mikel Biain: "Saiatzen naiz lanaren, koadrilaren eta familiaren arteko oreka mantentzen"

Oihana Elorza Gorostiza 2015ko mai. 5a, 07:00

ALKATEGAIAK EZAGUTZEN | Bigarren aldiz da Mikel Biain (Oñati, 1977) EH Bilduko zerrendaburua Oñatin. Udan hartu zuen erabakia, etxekoekin kontsultatu ostean. Oñatiko Errekalde auzoan erantzun ditu galderak, "txikitako oroitzapen oso onak" dituen parajean.

Bigarrenez zara alkategai. Horrek esan gura du alkate lana ez dela txarra?

Errepikatzeko asmoa dut eta ezin esan lan txarra denik. Baina asko eskatzen duen lana bada, exigentea. Norberagatik eta etxekoengatik eskatzen duen lana da. Bizitza pertsonalaren zati handi bat kentzen dizu, eta alde txar hori badauka, baina herrikoi sentituz gero oso polita da bertako alkate izateko aukera izatea.

Eta zer diote etxekoek?

Momentu batzuetan gogorra egiten da, baina euren babes osoa dut. Gainera, emaztearen familiaren eta nirearen arteko harremana ona da eta hori handia da. Oinarria da. Proposamena jaso nuenean ere etxean komentatu barik ez nuen erantzun gura, ez da-eta bakarrik hartu beharreko erabakia. Emaztearekin berba egin nuen eta bion arteko erabakia izan da.

Etxean izan da zu beste 'busti' denik politikan?

Anaia, esaterako, zinegotzi izan zen Euskal Herritarrok alderdiarekin. Inguruko lagunen artean, berriz, herrigintzan, esaterako, badut ni beste edo gehiago busti den lagunik.

Koadrilan, politikaz, zinemaz... Zeri buruz hitz egiten duzue?

Zinemaz beste politikaz. Sentsibilitate ezberdinetako iritziak daude eta eztabaidak izan ditugu; aberasgarria da hori. Nerabe ginenetik bakoitzak bere bidea hartu arte, askotan hitz egin du politikaz, bai. Herri honetan, gainera, uste dut ohikoa dela hori. Orain, egia esan, gutxiagotan elkartzen gara danok eta egoten garenean saiatzen gara bestelako gaiak aukeratzen: opor kontuak, azkenaldian ume kontuak ere bai… Zinema aipatuta, bestalde, banaiz zinemazalea. Koadrilan, gainera, Aitor da maisua horretan (Aitor Arregi), baina askori gustatzen zaigu zinema.

Adar-jotzerik izan duzu?

Sekulakoak. Baita orain ere. Joko handia ematen du.

Laneko eginbeharrak, koadrilako planak, familiako ekitaldiak… Non apuntatzen dituzu? Zenbat agenda dituzu?

Agenda fisikoa, niretako, lagun ona da egia esan eta hortxe apuntatzen ditut guztiak. Gero saiatzen naiz guztien arteko oreka mantentzen. Batzuetan zaila egiten da, baina oreka hori lortzen saiatzen naiz; pertsona ondo egoteko lanaz gain ona da harreman sozial onak izatea, koadrilakoen lotura mantentzea eta etxekoen ondoan egotea.

Eskuz apuntatzen dituzu edo ordenagailuan?

Eskuz. Gainera, gustatzen zait ondoan oharrak ere idaztea. Teknologia berrietan saltsatzea ere gustatzen zait, baina agenda, eskuz.

Nola jarraitzen dituzu komunikabideak?

Plazera izaten da jai egunetan egunkaria paperean irakurtzea, baina askotan ez dut astirik izaten horretarako. Normalean Twitter bidez jarraitzen ditut eguneko albisteak eta euskarri digitalean irakurtzen ditut. Telebistan albistegiak ikusi ohi ditut eta irratia entzutea ere gustatzen zait. Lehen gehiago entzuten nituen gaueko tertuliak eta orain gidatzen noanean entzuten dut batez ere. Hala ere, saiatzen naiz irakurtzeko dudan ohiturari eusten eta gauetan tarte bat hartzen dut liburua irakurtzeko.

Zer liburu ari zara irakurtzen orain?

Federico Krutwig-en ibilbidea kontatzen duen liburua da irakurri dudan azkena eta orain Francesco Tonucci pedagogo italiarraren Haurren hiria ari naiz irakurtzen. Kaleko espazioa jolaserako errekuperatzearen alde dago. Nire txikitako oroitzapenak ere sekulakoak dira. Pozik nagoen gauzetako bat da umetan askatasun osoz ateratzen ginela etxetik ogitartekoarekin eta errekan eskailuak harrapatzen edo bestelako jolasetan ibiltzen ginela Errekalden.

Aholkuak, zer nahiago, ematea edo jasotzea?

Askotan, konturatu barik, eman egiten ditut baina jasotzearen zale ere banaiz. Gauza batzuetan burugogorra ere banaiz, baina zerbaiten esperientzia duen pertsona batek esatekoa duena kontuan hartzekoa dela uste dut, aprobetxatu egin behar ditugu aholku horiek.

Twiter erabiltzailea bazara, ezta?

Bai, baina egia esan gehiago erabiltzen dut jasotzeko emateko baino.

Eta whatsapp-a?

Bai. Izugarri. Koadrilako bat Seviilan bizi da, beste bat Bartzelonan, beste bat sarritan joaten da kanpora… Whatsaapp-erekin lortu dugu duela 15 urteko koadrila bera izatea, batuta egote hori. Era berean, sukaldeko harremanetan, txarra da. Ez da arraroa etxera joan eta bat zerbat prestatzen edo berotzen ari den bitartean bestea telefonoa eskuetan duela whatsappa erabiltzen egotea. Etxe barruko harremanak okertu egin dituela uste dut.

Euskaraz bizi zara. Zer moduz moldatzen zara beste hizkuntzetan?

Ingelesa eta frantsesa biak ikasi ditut eta bietan moldatzen naiz. Gaztelaniaz ere bai; finantza arloko lehengo lanean sarritan hitz behar izaten nuen gaztelaniaz. Orain, udaletxean, euskaraz egiten dugu lana guztiok. Hizkuntzak asko gustatzen zaizkit eta denbora izango banu, gustura emango nituzke ordu batzuk horretara.

Zer egiten duzu burua arintzeko? Despejatzeko?

Gustatzen zait mendira joatea. Zuhaitz artean lasai ibiltzea. Aurreko mendira, esaterako, sarri joan izan naiz mendi-buelta egitera.

90 oñatiarrek egin dute aurtengo Aloñako Igoera. Inbidiarik bai?

Ez, ez. Anoa puntuetan laguntzen ibili naiz azken bost urtetan, baina lasterketa hori egitea beste kontu bat da. Polita dela iruditzen zait, baina oso gogorra ere bai aldi berean.

Zer egitea gustatzen zaizu denbora librea duzunean?

Etxekoekin egoteko aprobetxatzen ditut ordu horiek, semearekin bizikleta hartu eta paseatzera joan, umeekin jolastu…

Zer aldatuko zenuke Oñatin oraintxe bertan?

Langabezia.

Joan den astean Olabarrietako jaiak, asteburu honetan San Migel Txikixak… Hasi da festen sasoia.

Auzo asko ditugu Oñatin, 16. Bakoitzak bere santua du… Jai asko ditugun fama badugu, bai, eta uste dut ondo oinarritutako fama dela. Auzoetan jende aktiboa dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak