Alkategaiak ezagutzen

Miren Elgarresta: "Proiektu batean sinesten badut inplikatzeko joera handia daukat"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2015ko api. 30a, 07:00

ALKATEGAIAK EZAGUTZEN | Miren Elgarresta Zumarragakoa da jaiotzaz, baina azkeneko 22 urteetan Oñatin bizi izan da. Bi seme-alaba ditu; 20 urtekoa bat eta 16koa bestea. Albaitaritza ikasketak egin zituen Zaragozan; hasiera batean, baserri munduan ibili zen lanean etxe-abereekin. Gaur egun, ingurumen alorrean dihardu lanean Arantzazuko parketxean, proiektuen teknikari modura. EAJko Oñatiko alkategaia da.

Nola hartu zenuen alkategai izateko proposamena?
Niretzako proiektu bat gehiago da. Proposamena harridura handiarekin jaso nuen; baina, halakoetan erantzuna ez da bat-batean ematen. Bizitzan zehar etorri izan zaizkit proiektuak, non bizitzak berak ere inplikatzeko aukera eman didan; eta inoiz ez dut beldurrik izan. Sinesten baldin badut proiektu batean inplikatzeko joera izaten dut. Proposamena jaso nuenean etxean baloratu nuen. Babesa eta atxikimendua jaso nituen, batez ere senarrarengandik eta semearengandik. Horrek animatu ninduen. Sostengu horrekin baiezkoa nahiko azkar eman nuen. Behin erabakia hartutakoan, ilusio handiarekin hartu dut proiektua.

Ingurukoek zer esan dizute?
Zumarragako lagunek harridura handiarekin hartu dute, baina era berean animo handiarekin. Bultzada handia jaso dut lagun eta familiaren aldetik. Oñatin lagun eta ezagunen aldetik danetik entzun dut: animoak ematen didatenak edo “non sartu zara?” esaten dizutenak. Alkategai izatea ardura da. Biztanle kopuru esanguratsua du Oñatik, eta pentsamoldeak ere ezberdinak dira... orduan erabakiak hartzea erronka bat da eta ez da erraza horri baiezkoa ematea. Badirudi gaur egun gero eta zailagoa dela horrelako konpromisoak hartzea.

Gertukoren bat ibili izan da politikan?
Ez, inor ez. Gainera, nire familia betidanik politikatik nahiko urrun ibili da eta ez dugu inoiz politikan sartzeko animoak jaso.

Oñatiko zein txoko gustatzen zaizu gehien?
Iruditzen zait Oñati bera dela txoko eder bat. Baina sarri ibiltzen naizen ibilbide bat aipatzearren, Olakuan bizi naizenez, Olabartarako bidea hartzen dut eta Murgiako buelta egiten dut. Leku berezia da paseo bat egiteko. Beste leku bat aipatzearren Arantzazu esango dut. Niretako leku berezia da, harreman estua daukat. Gainera, nire lanak eman dit aukera Arantzazuren inguruko hainbat esparru ezagutzeko. Txoko asko ditu politak.

Aisialdian, zer duzu gustuko egitea?
Mendian ibiltzea asko gustatzen zait. Garai batean taldean joaten banintzen ere, orain gehiago gustatzen zait bakardadean joatea. Saiatzen naiz leku ezberdinak ezagutzen. Normalean inguruko mendietan ibili izan naiz; Asturias aldean eta Pirinioetan ere ibili izan naiz, baina gehiago disfrutatu izan dut hemen. Parke honetako mendi guztiak miatu ditut eta ezagutzen ditut. Euskadiko beste mendi batzuk ere ezagutzen ditu, Gorbea adibidez; ama Bizkaia aldekoa nuen eta aukera hori izan dut. Egia esan gomendioa jasotzeko irekita egoten naiz eta lagunen batek esaten didanean “Miren, mendi honetara joan”, joaten naiz.

Kirola ere gustuko duzu; korrika egitea, bereziki.
Utzita daukat, arazo fisiko batengatik. Kilometro kopuru batetik gora eginez gero, mina igartzen nuen; hala ere, azkeneko Korrika honetan parte hartu nuen eta benetan niretzako erronka txiki bat izan zen. Konturatu nintzen oraindik ere forman nagoela! Korrika saioak egiten disfrutatu egiten dut.

Aholku emaile zalea zara?
Bai eta ez. Duda barik nire familian bai, jakinda norberaren aholkuak norberaren esperientziatik jasotakoak direla. Hala ere, aurrean daukazun pertsona horrentzat ez dauka zertan esperientzia berdina izan behar. Ikusten baldin badut beharrezkoa dela, nire iritziz, ba saiatzen naiz nire esperientzia oinarri hartuta aholkua ematen.

Jarraitzen dituzu komunikabideak?
Gaur egun informazio jasotzeko bide asko ditugu. Asko gustatzen zait eguneroko albistegiak ikustea telebistan. Afaltzeko orduaren arabera ikusten ditut. Azkeneko urteetan egunkaria irakurtzeko joera ere hartu dut; aste buruetan, denbora gehiago izaten dudanean, kafetxo bat hartuz disfrutatzen dut.

Teknologia berriekin, informazio jaso baina era berean emateko aukera era badago. Erabiltzen dituzu sare sozialak?
Bai, Facebook erabiltzen dut. Niretzako politika mundua oraintxe da abiapuntua. Jasotzen dudan informazioa gero nire iritziarekin zabaltzeko aukera hori orain arte ez dut erabili izan. Momentu honetan nire burua ez dago horretarako egituratuta. Egia da aurrerantzean informazio jasoko dudala eta horri erabilera berri bat emango diodala. Aitortu behar dut Facebooken alta eman nuela nire seme-alabak jarraitu ahal izateko! Nire atarian inor sartzen bada, nire argazkiak dira: loreak, paisaiak, fruituak... argazkiak egiteko zaletasuna daukat, baina ez daukat ezagutza handirik. Mendi buelta egiten dudanean ohitura daukat argazkiak egiteko.

Naturarekin lotutako ikasketak dituzu. Joera hori igartzen zaizu?
Natura bideko formazioa hartu nuen eta benetan oso natura zalea naiz. Nire zaletasuna hortik doa.

Animalia zalea ere bazara, ezta?
Bai, eta modu berezi batean baserriko animaliengana izan dut joera handiagoa. Nire ibilbide profesionaleko lehenengo 15 urteak baserri munduan eman nituen eta etxe-abereekin egin izan nuen lan:  esne behiekin eta ardi latxarekin. Bi animalia horiek bete izan dute nire ibilbide profesionalaren zati handi bat.

Faltan igartzen duzu albaitari lana?
Egia da, behin proiektu bat hartzen dudanean ilusio handiarekin hartzen dudala. Ingurumena hain da mundu zabala, batzuetan zaila izaten dela zentratzea. Lehen etxe-abereetan espezializatuta nengoela esan daiteke. Orain, gertutik jarraitzen dut mundu hori.

Irakurtzeko zaletasuna badaukazu?
Bai, eta baita musika entzutekoa ere. Oso musika zalea naiz, ikasketak ere baditut: solfeoa eta soinua jotzen ikasi nuen. Baina ez daukat joera denbora bat hartu eta musika entzuteko. Irakurtzeko zaletasuna badaukat: garai batean nobela historikoak irakurtzen nituen. Irakurri dudan azkeneko liburuak kutsu erlijiosoa du: El conflicto con Dios hoy Javier Garrido frantziskotarrarena. Batez ere opor garaia izaten da garai egokia irakurtzeko.

Musika zalea izanda, zein da egon zaren azken kontzertua?
Bruce Springsteen-en kontzertua ikusten egon nintzen bai Bilbon eta baita Donostian ere.

Herri mailan, zure esku balego zerbait aldatzea, zer aldatuko zenuke?
Gustatuko litzaidake gaur egun pintadak egiteko dagoen joerarekin bukatzea. Uste dut ez diola onik egiten herri bati edozein paretetan pintada bat egitea, edozein mezu botatzeko. Gaur egun edozein aldarrikapen egiteko bide asko daude, eta aldarrikapen horiek ere bide horretatik eramatea izango litzateke onena. Herriko paretak erabiltzea... hori aldatuko nuke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak