Zer egin behar da gaztelekuko sexu aholkularitza zerbitzua erabiltzeko?
Ez da aldez aurretiko hitzordua behar; astero, bi orduan, hor egoten gara. Gure zerbitzua gazteendako da baina, batzuetan, beste adin batzuetako jendearendako aholkularitzak ere egiten ditugu. Aukera dago bulegora zuzenean joateko, edo emailez eta sare sozialen bitartez zalantzak azaltzeko. Email helbidea hau da: txantxikusexuaholkularitza@gmail.com. Facebooken, Oñatiko Sexu Aholkularitza gara. Twitterren ere bagaude.
Urtebete egin du zerbitzu horrek. Zelako erabiltzaileak izan dituzue, eta zelako galderak egin dituzte?
Urte honetako balorazioa ona da. Galdera gehienak 19 urte baino gutxiagokoek egiten dituzte, baina beste adin batzuetakoak ere izan dira. Mota askotako kezkak jasotzen ditugu: adibidez, batzuek jostailu erotikoei buruz jakin nahi dute, zer nolakoak dauden, nola erabili… Zalantza asko haurdunaldia eta gaixotasunak prebenitzearen inguruan dira; eta beste asko, orientazioaren ingurukoak: nola esan etxean norbera homosexuala, lesbiana edo bisexuala dela, edo nola jakin hala den…
Adinaren eta neska edo mutila den arabera, desberdinak izaten dira galderak?
Nahiko orokorrak izaten dira, baina, askotan, neskek izaten dituzten zalantzak lotuagoak daude prebentzioarekin; eta, sarritan, ez dira berdin adierazten sexualitate kontuetan neskak eta mutilak.
Ze adinekoak dira erabiltzaile gazteenak?
12-13 urterekin dagoeneko badaude zalantzak; adin horretan gorputza aldatzen da eta harremanak hasten dira. Saiatu behar gara eurengana gero eta errazago ailegatzen.
Oraingo gaztetxoak ondo informatuta daude, edo oraindik ezjakintasun handia dago?
Alde batetik, nabaritzen da ze ikastetxetan lantzen den sexualitatea; familiarekiko zer nolako harremana dagoen… eta gauzak aldatu dira, baina ezjakintasun handia dago. Neskek ez dute berdin bizi euren sexualitatea, oraindik mito eta tabu asko dago, kuestionatuagoak izaten dira; lan handia dago hor. Landu nahi dugu plazera gorputz osora zabaltzen dela, eta ikusarazi nahi dugu sexualitatea ez dela bakarrik sexu harremanak.
Bestalde, telebistatik jasotzen dituzten ereduak daude, eta alde horretatik atzera goaz: jarrera matxistak, rolak… ikusten dira oraindik.
Festan zer egingo duzue?
Nahiko parte-hartzailea egingo dugu. Landuko dugu sexualitatea edo sexu aniztasuna ikuspegi baikor batetik, eta jolas batzuk proposatuko ditugu, balio horiek modu praktikoan lantzeko; hala, karaokea abesten jarriko ditugu, gero lantzeko ea sexismoa dagoen ala ez… Hainbat dinamika erabiliko dugu harreman sexualetan agertu behar diren minimoak lantzeko: komunikazioa, adostasuna eta errespetua.