Datorren eguazteneko batzarra eta gero, ondorioak lantzeko unea izango da. Udalaren helburua da, azkenean, marra gorri batzuk edo irizpide orokor batzuk finkatzea.
"Oso saio aberasgarriak izan dira"
Udalaren aldetik, Nerea Zubia zinegotzia eta Jon Lopez gazte teknikaria ibili dira gazte lokalen saioetan. Balorazio oso ona egiten dute. Honela dio Zubiak: "Hasiera baten, kopuru aldetik oso parte-hartze handia izan zen; orain pixka bat jaitsi da, baina jendeak oso aportazio interesgarriak egin ditu, eta oso aberasgarria izan dira saioak. Gure helburuak bagabiltza betetzen". Lopezek gaineratzen duenez, "ideia asko" azaldu dira bileretan eta orain horiek guztiak landu egin beharko dira eta araudi bat egin; horixe izango da denondako erreferentzia eta heldulekua.
Saioetan azaldu den kezka nagusia segurtasuna da, eta hor ia denok ados daude, udal arduradunen esanetan; gatazka handiagoa sortu du zarataren arazoak, eta hori konpontzeko hainbat proposamen egin dira.
Lourdes Sarasketa (Bizilaguna)
"Denetariko iritziak daude bizilagunen artean; batzuk oso harreman ona dute gazteekin, beste batzuek ez hain ona. Ni ondo konpontzen naiz gazteekin, esperientzia ona daukat, beraz; badaude gauzatxo batzuk, baina, oro har, ondo moldatzen gara. Nire kasuan, hiru gazte lokal dauzkat behean. Zaratarik ez dute ateratzen; txarrena da kanpoan daudenean. Izan ere, bakoitza bere autoan etortzen da eta gaizki aparkatuta uzten dute batzuetan. Bizikletak ere gaizki uzten dituzte. Hor ibiltzen gara; etxera igotzeko karreteratik joan behar izaten gara. Baina hori kenduta, bestela ez daukagu arazorik".
Julen Biain (Erabiltzailea)
"Astean zehar gutxiago joaten gara gure lokalera, izan ere, ikasten dabil jendea. Aste bukaeretan zehar elkarrekin egoteko erabiltzen dugu lokala; afaltzeko ere bai, gure kontuak elkarri kontatzeko… Bizilagunekin ez dugu arazo larririk. Autoaren arazoa onartzen dugu –batzuetan gaizki aparkatuta uzten dugu–, baina momentu honetan ez dugu arazorik. Aurretik izan genituen, baina orain ondo gabiltza. Beste lokal batzuetan egondakoak gara, eta bizilagunekin hobeto moldatzen gara orain. Eurek ezagutzen gaituzte, eta ondo konpontzen gara elkarrekin".
Bakarne Galdos (Gurasoa)
"Nire semea oraindik ez dabil lokalean, adin txikikoa da, baina saio hauetara gerturatu naiz gazte lokalen errealitatea ezagutzeko, nire burua kokatzeko eta ikusteko zer esaten den. Guraso garen aldetik, seme-alabak babestu nahi ditugu. Bilerak oso ondo daude, izan ere, bakoitzak bere nahia azaltzen du, eta bilatuko dugu modu bat gure nahi hori arautzeko, islatzeko… Nik uste dut gurasoon aldetik kezka nagusia segurtasuna dela; seme-alabentzat lokalak seguruak izan daitezela, eta erantzukizunak definitu daitezela. Nik uste dut lortuko dugula zerbait, bilerak oso interesgarriak direlako".
Mikel Etxezarreta (Jabea)
"Badugu dagoeneko urte batzuetako harremana gazteekin, eta uste dut harreman ona dela; lagun moduan naukate eta, edozein arazo badago, konpontzeko gogoarekin egoten naiz. Badakite errespetu bat egon behar dela, lokal goian jendea bizi delako. Elkarbizitza bat lortu behar da eta ni horretan saiatu naiz. Kontratuak-eta ere berbagai izan ditugu. Helburuetako bat zen zehaztea lokalak zelan egon behar diren, ze gauza izan behar duten eta ordutegia, segurtasuna… Beraz, saioak baliagarriak izan dira, ezjakintasun handia eta guretako, lokalen jabe gisa, legedia falta zegoelako".
Gazte lokalen gaiaren harira, GOIENAk elkarrizketa egin dio Diego Carbajori. EHUn Soziologian doktorea da Carbajo. Gazte lokalen inguruan ikerketa egin zuen 2012an Gasteizko Udalarendako.
Ze faktore daude gazte lokalen fenomenoaren atzean?
Hainbat aldagai estruktural daude. Alde batetik, gaztaroaren luzapena; beste alde batetik, aisialdi eta kontsumo ereduen aldaketa; hirugarrenik, gure herri eta hirietan krisia medio, komertzioak ixten ari dira eta espazio horiek gazteek bereganatu egiten dituzte eta beste zentzu bat eman; eta azkenik, Euskal Herrian dagoen den gizarte konfigurazioa, koadrilla.
Gazte lokalen fenomenoa moda bat dela uste dute batzuek.
Ez da moda bat. Krisiak oraindik irauten du, eta gazteak familiarenganako gero eta mendekoagoak dira. Dependentzia horrek eragiten du gaztaroa luzatzea. Gaztaroaren luzapen horretan, gazteek bilatzen dituzte euren espazio autonomoak.
Ze harreman izaten dute gazteek, jabeek eta bizilagunek?
Auzokideekin dagoen arazo larriena elkarbizitza da: zaratak eta, askotan, lokalaren kanpoaldean utzitako trasteak, e.a. Jabeekin egoten den arazo larriena, alde batetik, lokalen prezioa ez dela oso merkea izaten eta, beste batetik, jabeen aldetik lokalen egoera ez dela askotan beharko litzatekeena: askok ez dute sistema elektrikoa oso ondo jarria, aireztatzea askotan ez da onena… Erantzukizuna ez da soilik gazteena; jabeena ere garrantzitsua da.
Gazte lokalek badute, jende askoren begitan, kutsu negatibo bat. Ze alde positibo dute?
Gazteen arteko harremana areagotzen dute. Askotan, koadrilen arteko asoziazio edo elkarte pragmatiko bat dago; lokala bi edo hiru koadrilaren artean hartzen da, eta, urteak pasa ahala, koadrila horren konfigurazioa aldatzen joaten da.
Gazteak lokaletan egotearen ondorio bat omen da ez dutela elkarrekin sozializatzen, norbera bere koadrilarekin bakarrik egoten dela.
Bai, baina hori ez da lokalarengatik, Euskal Herrian hain klasikoa den koadrillismoarengatik baizik. Lokalak egiten duena da soilik koadrillismoa ikustarazi.
Krisi ekonomikoak nola eragin du fenomeno honetan? Koadrila gehiago joaten dira lokalera, beste gauza batzuetarako dirurik ez dutelako, edo alderantziz, lokalak garestiegi bihurtu dira eurentzat?
Lokalen eskaria asko igo da, eta eskaintza murritza denez, prezioak altuak dira. Orduan, alde batetik, bi prozesu horiek ematen ari dira: familiaren prekarizazioa gertatzen ari da eta, hori ematen baldin bada, gazteek diru gutxiago izango dute tabernan edo aisialdi klasiko horretan dirua uzteko; beraz, lokala da halako low cost erako kontsumo-komunitate bat. Nik uste dut erabilerak jarraitu egingo duela; zenbat eta aisialdi garestiago baten aurka, hau aukera moduan ulertu daiteke. Gaztetxeekin eman daitezkeen sinergiak oso interesgarriak izan daitezke; espazio kontrajarriak izan beharrean, bi espazio horiek erantzuten diote gazteen behar bati, eta behar hori da espazio propioak izateko eta kudeatzeko beharra.
Etorkizunean nola eboluzionatuko du fenomeno honek, zure ustez?
Euskal Herrian, gutxienez 20 urte dituen fenomeno bat da; adibidez Gasteizen 90eko hamarkadan bazegoen. Krisia tarteko, jarraitu egingo duen prozesu bat da; ikusi dugu bere azaleratzea eta orain instituzionalizazio prozesu baten dago, egonkortze prozesu baten. Gure herri eta hirietako paisaiaren parte da.