"Proiektu arkitektonikoaren lehen zirriborroa aurkeztuko diegu eltzekide-ei eta denon artean adoste prozesu bat hasiko dugu", azaldu du Johana Olabarria Eltzia egitasmoko dinamizatzaileak. Ze proiektu aurkeztuko duten galdetuta, zera dio Olabarriak: "Iaz proiektua bera definitu genuen; alde batetik, eraikin barruan egongo zena eta barruko funtzionamendua nolako izango zen, behintzat oinarri batzuk finkatu ziren. Horrez gain, eraikinaren barruan zer nolako ekimenak egingo diren definitu genituen. Izaskunek egin duena da han planteatzen diren ekimenak gauzatzeko zer nolako espazioak egon behar diren irudikatu", dio Olabarriak.
Aurkezpena eta kontrastea
Lau aurkezpen saio egingo dituzte, eta ondoren kontraste saioak. "Batzarrak egiten ditugunean elkarte bakoitzetik ordezkari bat edo bi etortzen dira. Hala, taldeari proiektua aurkeztu ondoren, taldekide bakoitzak bere elkartean aurkeztuko du proiektua; taldean hitz egin, eztabaidatu eta proposamenak landuko dituzte, bigarren batzar baten proposamen horiek jasotzeko", esan du Olabarriak. Hamabost bat eguneko tartea izango dute eltzekide-ek euren elkarteetan eztabaidatu eta proposamenak aurkezteko. Apirilaren 28an, bateratze saioa egingo dute: saio horretan sormen, auzo, gorputz eta herri mugimenduko kideak batzartuko dira. Taldeen proposamenekin osatuko da proiektua, eta modu horretan benetan dauden beharrak hartuko dira kontuan. Ondoren, lehentasunak zehaztuko dituzte.
Saio guztiak izango dira 19:00etan, Eltzian.
Aurkezpena | Kontrastea | |
Gorputz Eltzia | Otsailak 24 | Martxoak 10 |
Herri Mugimenduen Eltzia | Otsailak 26 | Martxoak 12 |
Auzo Eltzia | Martxoak 4 | Martxoak 18 |
Sormen Eltzia | Apirilak 14 | Apirilak 28 |
Bateratze saioa | Apirilak 28 |
Gorputz Eltzia taldean Oinatz dantza taldea, Andraitz (dantza afrikarrak egiten dituzte) eta Lagun Lekuko Yoga taldea daude, besteak beste; Herri Mugimenduen Eltzia talde orokorrena da: Euskal Memoriaren taldea, Txirrinka, Gurutze Gorria, Acesma... daude, esaterako; Auzo Eltzia taldean auzoko hainbat eragile daude, Lagun Leku eta Txantxiki, esaterako; Sormen Eltzian herriko sortzaileak daude. Eltziako erabiltzaileak 12 bat talde direla esan du Olabarriak.
Musika Eltzia
Bosgarren eltze bat ere badagoela azaldu du Olabarriak: Musika Eltzia. "Musika Eltzia aurreratuen dagoen taldea da. Musika Eltzeko obren esleipena kaleratuta dago, 349.000 euroko aurrekontuarekin. Bi fasetan egingo dira obrak, inbertsio ekonomiko handia suposatzen duelako. Asmoa da martxoa edo apirilean obrak egiten hastea". Akustika kontuetan adituak diren EKO eta Egaic Gasteizko enpresek egin dute proiektua.
32 musika talde daude –ohiko taldeak, lau bat kidekoak– eta tamaina handiko beste hiru: Trikitxaranga, Lizargarate eta batukada feminista.