"Sare sozialen inguruko formakuntzak ematen ditugunean, ikusten dugu harremanak batzuetan ez direla oso positiboak, eta ikuspegi hori aldatzea da gure helburua", dio Oñatiko gaztelekuko Sexologia Zerbitzuko kide den Mireia Cifuentesek egubakoitzean egin zuten Sexusarean tailerrari buruz.
Sare sozialetako argazkiak-eta modu iraingarrian erabiltzea; argazkiak besteen onarpena lortzeko igotzea; kontrolerako tresna izatea... Erabilpen negatiboaren adibideak dira horiek, eta bideoen eta bestelako dinamiken bidez landu zituzten egubakoitzeko tailerrean parte hartu zuten nerabeekin.
Cifuentesek azaldu moduan, interpretazioen inguruan ere jardun zuten: "Aurrez aurre batzuetan kosta egiten bada besteak zer esan gura duen interpretatzea, imajinatu bestea aurrean ez badago!". Sexologia Zerbitzuko kidearen esanetan, tailerrarekin lortu gura zutena ez da sare sozialak ez erabiltzeko esatea, baizik eta erantzunkizunez erabiltzeko esatea.