Eskolako Bidea proiektua martxan, mugikortasun jasangarriaren alde

Oihana Elorza Gorostiza 2015ko ots. 12a, 13:13

Umeak Txantxiku ikastolako autobus geltokian, Eskolabus egitasmoa martxan jarri zenean.

Oñatiko Udaleko hezkuntza sailak eta herriko hiru ikastetxeek hartzen dute parte, elkarlanean. Esperientzia pilotuak Aste Santu ostean probatzea da asmoa.

Oñatiko Udaleko Hezkuntza sailak eta herriko ikastetxeek elkarlanean, Eskolako Bidea proiektua jarri dute martxan. Proiektu honetan Oñatiko Lehen Hezkuntzako ikastetxe guztiek hartuko dute parte, Urgain eskolak, Txantxiku ikastolak eta Elkar Hezi ikastetxeak hain zuzen. Mugikortasun jasangarriaren aldeko proiektua da.

Aste Santu ostean

Eskolako Bidea partaidetza komunitarioko proiektua da, eta hezkuntza komunitatean mugitzeko edo joan-etorriak egiteko modu iraunkorragoak sustatzen ditu. Etxetik eskolara eta eskolatik etxera egiten diren joan-etorriak aztertuz, joan-etorri hauek umeek oinez, patinetez edo bizikletaz, eta modu autonomo baten egin ditzatela bultzatu gura da. Horretarako berebiziko garrantzia izango du ibilbideetan bide-segurtasun baldintza egokiak izatea.

Nerea Zubia hezkuntza zinegotziak azaldu duen moduan, ikastetxe bakoitzak pentsatuko du eskolarako bidea nola egokitu ahal duen, ikastetxearen gunearen arabera, ikasle kopuruaren arabera eta beste hainbat faktore kontuan hartuta. "Asmoa da hemendik eta Aste Santuko oporrak heldu bitartean lanketa hori egitea. Hau da, ikastetxe bakoitzak bere modua bilatzea. Urgain-Errekaldek, esaterako, eginda dauka eta praktikan ere jarri izan du. Aste Santuko oporren ostean jarriko du martxan ikastetxe bakoitzak bere esperientzia pilotua, eta bi hilabetez edo, ikasturtea bukatu arte, mantenduko da. Eskolabus egitasmoarekin egin genuen bezala egingo dugu orain ere. Proba horren ondoren balorazioa egingo da eta aztertuko da zer hobetu daitekeen datorren ikasturtean hasieratik martxan jartzeko. Prozesu bateratua izango da", adierazi du Nerea Zubiak.

Esperientzia pilotuak

Proiektua martxan jarri aurretik gaur egun ikasleek eskolarako bidea nola egiten duten jakiteko, galdeketa bat egin da Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleen artean. Datu horien arabera, adin tarte horretako ikasleen artean mugikortasun aktiboa da nagusi (joan etorrien %58tik gora), hau da, joan-etorri gehienak oinez, patinetez edo bizikletaz egiten dira. Datuei begiratuta, ikasleen %45a oinez doa eskolara, %31 kotxez, %11 patinetez, %10a autobusez eta %1a bizikletaz.

Esperientzia pilotua prestatu aurretik egin behako duten beste gauza bat ikastetxeetara joateko ibilbide nagusien bide segurtasun azterketa tekniko bat da. Aldi berean ikastetxe bakoitzean mugikortasunari buruzko diagnostiko komunitarioa osatu gura da, gurasoek, irakasleek eta ikasleek beraien ikuspuntutik egindako ekarpenekin. Ikuspuntu guzti hauek azterketa teknikoarekin kontrastatuko dira eta diagnostiko osatu bat lortuko da, arazoak eta konponbide aukerak atzemango dira, eta ekintza proposamen batzuk azaleratuko dira.

Ikuspegi hezitzailetik, haurren autonomiari buruz egingo den lanketa proiektuaren elementu nagusia izango dela diote proiektuan parte hartzen duten eragile guztiek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak