Maiatzerako bukatuta egongo da Arantzazuko aterpetxe berria

Miren Arregi Amasorrain 2015ko urt. 9a, 10:23

Hil honetan hasiko dituzte Gandiaga 1 eraikinean, Arantzazuko aterpetxeko lanak. Ugarte enpresak egingo ditu lanok 253.000 euroko aurrekontuarekin eta maiatza erdialderako bukatuta egongo dira. 56 lagunendako tokia egongo da bertan; 12 oheko lau logela eta lauko beste bi izango ditu.

Atzerapenarekin, baina martxan da Arantzazu Fundazioaren babesean Arantzazun egingo den aterpetxea. Hasierako asmoa 2013ko urte bukaerarako erabilgarri egotea bazen ere –hori jasotzen zen 2012ko proiektuan–, abenduan esleitu berri zaizkio lanak Construcciones Ugarte enpresari. Hori eginda, urtarrilean hasiko dira lanak, “behin kontratua sinatzen denetik gehienez hamabost eguneko epean”. Ugarte enpresak lanak 18 astetan bukatzeko konpromisoa hartu du eta hala, maiatza erdialderako bukatuta egotea aurreikusten da. Aterpetxea ez da, baina, maiatzean erabilgarri egongo, ordurako ez delako eraikina altzariz hornituta egongo.

Lehengoa egokituta

2012ko proiektuak jasotzen zuen moduan, Gandiaga 1 eraikinean egongo da aterpetxea eta 500 metro koadro izango ditu. Proiektu berria, baina, lehenengotik desberdintzen da. “Hain justu ere, Gipuzkoan lanean ari diren zenbait aterpetxeri bisita egin ondoren eta Eusko Jaurlaritzako Turismo lurralde-ordezkaritzan beharrezko kontsultak egin ostean erabaki da 2012ko proiektua aldatzea”, dio Juan Biainek. Aldaketa nabarmenena da 56 lagunendako gaitasuna izango duela –2012ko proiektuan baino 10 gehiago–: “Arrazoia da autobus baten edukiera besteko gaitasuna edukitzea garrantzitsua ikusi dugula”, dio Juan Biainek, Arantzazu Gaur Fundazioko ordezkariak.

Sei gela

Aterpetxeak 12 oheko lau logela izango ditu eta lauko beste bi. Gainera, hiruna dutxa eta beste horrenbeste izango dituen emakumezkoendako eta gizonezkoendako bainu gela bana izango ditu eta ezinduendako egokitutako beste bainugela bat ere bai. 27 metro koadroko sukaldea eta 105 metro koadroko jangela-egongela izango ditu.

Kudeaketa zehazteke

Lanak egiten diren bitartean Arantzazu Gaur Fundazioak bigarren kontratazio fasea ipiniko du martxan, alegia, altzariei dagokiena. Maiatzera bitartean, gainera, kudeaketaren gaineko xehetasun guztiak zehaztu beharko ditu Fundazioak. Izan ere, kudeaketa Oñatiko Garapen Agentziarena izango zela esan bazen ere, puntu hori “lantzen” ari dira une honetan.

Taldeendako

Aterpetxea taldeei bideratutako eskaintza da: “Eskola taldeei, bestelakoei, iñaziotar bidea egiten ari direnei...” dio Biainek. Eta gaineratu: “Bestelako eskaintza badago Arantzazun, baina talde handiendako tokirik ez. Horiei pentsatutakoa da aterpetxea”.

Gandiaga 1, bukatuta

Behin aterpetxea bukatuta Gandiaga 1 guztiz eraikita geldituko da. Gandiaga 2 eraikinean –Arantzazuko Parketxea dagoen eraikinean–, geldituko da Parketxea besteko eremu bat oraindik eraikitzeke: “Etorkizunean sortu daitezkeen proiektuetarako”, dio Biainek.

Oraindik kudeaketaren gaineko kontuak lotu barik badaude ere, Arantzazu Gaur Fundazioak eta Oñatiko Udalak argi dute aterpetxea Oñatiko kultur eskaintzaren parte egingo dutela. “Natur eta turismo baliabideak eta sinergiak batzea da helburua”, dio Biainek.

Turismo eskaintzaren barruan

Bestetik, Arantzazu Gaur Fundazioko kide Juan Biain pozik agertu da Fundazioaren helburuek  eta proiektuek aurrera jarraitzen dutelako eta bide horretan aterpetxeak suposatzen duena azpimarratu du: "Proiektuak aurrera egite horrek adierazten du badagoela konpromisoa". Gipuzkoako Foru Aldundiak, Oñatiko Udalak, Mondragon Taldeak eta Frantziskotarrek osatzen dute patronatua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak