16.742.688 euroko aurrekontua du Oñatiko Udalak 2015erako

Irati Goitia 2014ko abe. 19a, 13:59

Eguenean eginiko osoko bilkuran onartu zuen Oñatiko Udalbatzak 2015erako aurrekontua, Bilduren aldeko botoekin. EAJ abstenitu egin zen. Osoko bilkura osokorik ikusteko aukera izango da astelehenean, 22an, Goiena Telebistan, 20:30ean.

16.742.668 euroko aurrekontua izango du Oñatiko Udalak datorren urtean, iazkoa baino %1,30 txikiagoa. 221.000 euro gutxiago izango ditu, hain zuzen. Atzo eginiko osoko bilkuran onartu zuen datorren urterako aurrekontua udalbatzak, Bilduren aldeko botoekin. EAJ abstenitu egin zen. "Gure ustez aurrekontu onak dira, orekatuak. Udaletxearen egoera finantzario-ekonomikoa saneatua da eta hori seinale ona da", adierazi zuen amaieran Mikel Biain alkateak. Hain zuzen, kontu-hartzaileak zehaztu zuen krisian egonda, aurrezki arrunta positiboan izatea oso adierazle garrantzitsua dela, eta 2008tik mantentzen dela positiboan. "Guk abstentziora jo dugu. Bilduk egin dituen proposamenak onartu ditugu eta ez ditugu kritikatu. Baina gu gureak defendatzera etorri gara. Egin ditugun batzuk onartu dira eta beste batzuk ez. Beraz, gu ere erdibidean geratu gara", esan zuen Lourdes Idoiagak, EAJko bozeramaileak.

Inbertsio aipagarrienak

Udal gobernu taldetik adierazi dute saiakera berezia egin dutela gastu sozialak mantentzeko edo indartzeko. "Nik uste dut lortu dugula gai sentsibleenak ez ukitzea: gizarte zerbitzuetarako laguntza, larrialdietarakoa, babesik gabeko egoeran daudenentzat bideratzen dena, etxez etxeko zerbitzura emandakoa...", esan zuen Biainek. Hain zuzen, etxez etxeko zerbitzura bideratuko da partida garrantzitsuenetariko bat: 661.400 euro. Aipagarriak dira baita ondorengoak: gazteek etxebizitzak alokatzeko laguntza programarako 108.000 euro eta Musika Eltzia gauzatzeko 300.000 euro.   

Arloz arlokako sailkapenari dagokionean, besteak beste, ondorengoak proposatzen dira. Sozio-ekonomian, herriko merkataritza bultzatzeko proiektuez jarraituko dute. Hala, moneta sozialaren hirugarren faseari ekingo diote urtarrilean. Arreta sozialean, eguneko zentroan bost plaza gehiago egokitzea eskatuko diote Aldundiari. Lurralde antolamenduan, egoera okerrean dauden auzoak urbanizatzen eta irisgarri bihurtzen jarraituko dute. Hala nola, San Lorentzo eta Errekaldeko lanen fase berriak gauzatu, Olabarrieta eta Ugarkalde bidegorriz lotu, Olabarrietako errepide azpiko pasabidea egin, ibilbide natural historikoak berreskuratu edo eraztun berdearen proiektua osatu. Hezkuntzan, berrikuntza modura, Oñatiko Herri Curriculuma eta Eskolara Oinez egitasmoak aurrera eramatea jasotzen da.

Enpleguaren sustapena izango da 2015eko aurrekontuetako beste zutabeetako bat. Hala, hainbat proiektuz gain, hiru kontratazio zehazten dira: gizarte zerbitzuetako zuzendari teknikoa, berdintasun teknikaria eta parte-hartze teknikaria.

EAJren eskaerak

Kirol arloko aurrekontuak izan du jaitsiera handiena datorren urteko aurrekontuan. Hain zuzen, hor erakutsi zuen EAJk desadostasun handiena. "Urteak daramatzagu atletismo pista eskatzen. Guk uste dugu ez dagoela zailtasun handirik Urrutxun horrelako bat egiteko. Bestalde, nahiko genuke padel kantxak egiteko proiekturako dirua bideratzea, 2016an exekutatu ahal izateko", esan zuen Idoiagak. Bestalde, jeltzaleek eskatu zuten etxebizitzak eraberritzeko laguntza plan bat   –Suradesak eskaintzen duenaz gain– eta pasealeku naturaletan –Zuazola, Torreauzo edo Asentzio– zerbitzu guneak jartzea eserlekuekin eta komunekin.

Inbertsioen gauzatze mailan eztabaida

Osoko bilkuran eztabaida sortu zuen puntuetako bat inbertsioen gauzatze maila izan zen. "Gure ustez momentu honetarako exekutatuta egon behar litzakeen kopurua ez da bete. Hala ere, ez gara polemikan sartuko. Gaineratu dugu iazkoa baino hobea izan dela", adierazi zuen Idoiagak. "1.600.000 eurotik 1.400.000 exekutatuta daude dagoeneko. Oposizioak aipatu duen %57a baino ehuneko altuagoa da hori. Guk uste dugu gauzatze maila egokia dela", erantzun zuen Biainek.

Eztabaidak eztabaida, bi aldeek nabarmendu zuten elkar ulertzeko jarrera ona.

Presazko gaiak

Hiru presazko gai ere landu zituzten osoko bilkuran: hiru helegite. Lehenengoa, gobernu ordezkariak eta estatuko abokatuak udaletxeari jarritakoa azaroaren 7an Estelada bat  fatxadan jartzearren. Bigarrena, Eroskik jarritakoa, Udalak Arantzazu Ama kalean gasolindegia jartzeko baimena eman ez izanagatik. Eta hirugarrena, EAJk aurkeztutakoa San Martingo plan partzialaren behin betiko onarpenaren aurrean. Hiru kasuetan prokuradoreak eta abokatuak izendatu beharko dira orain.

Osoko bilkuraren amaieran, alkateak Abadiñoko gertaera salatu zuen eta Alberto Plazaola herrikideari ongi-etorria eman. Herritarrei urte berri ona ere opa zien.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak