Sarea egiteko, sokari edo zintari heldu besterik ez da egin behar. Oñatiko saretik deialdia egin dute ahalik eta jende gehien batzeko: "Ekarri zuk zeuk ahalik eta lagun gehien ekitaldira: izan zu zeu ere saregilea!".
Dispertsioari amaiera
"Urte erdi inguru pasa da, dagoeneko, Sare herri mugimendua jaio eta bere ibilbideari ekin zionetik", azaldu dute taldeko kideek. Ordutik hona, ekitaldi ugari egin dituzte han-hemenka mugimenduak ezarritako helburu nagusiari begira: bidegabeko dispertsioaren politikari amaiera ematea. "Herri eta hirietan, talde eta gizabanakoen ekimenei esker, herritarren sarea ehuntzen doa", gaineratu dute. Eta, Oñatin ere izan du eragina taldeak. Hala azaldu dute: "Oñatin ere, sarea ehuntzen goaz, ikuspegi eta sentsibilitate anitzetako herritarrak sare horren nodo bilakatuz".
Hain zuzen, herritar horiek beharrezkotzat jotzen dituzte sarea eraiki eta egonkortzeko, "beharrezkoak diren nodoak", direla diote. "Sarea anitza da, giza eskubide guztien alde, baita euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen alde ere badauden pertsona guztiak biltzeko bokazioaz sortu dugulako", gaineratu dute.
Sarekide eta saregile
Orain arteko lanaren emaitza ikusi nahi dute sareko kideek: "Ikusgai egin nahi dugu Oñatin sortutako sarea". Ahalik eta herritar gehien elkartuz, hari batekin sinbolikoki elkarri lotuz eraikiko dute sarea. "Sare erraldoia sortu, ehundu, nahi dugu eta herritar guztiok horretara gonbidatzen zaituztegu", gaineratu dute Sareko kideek.
Sarekide eta Saregile egiteko gonbita luzatu dute taldeko kideek. Horretarako, zapatuan, Oñatiko plazara joatea eskatu dute.