Herriko bertsolaritzaren historia, 'Oñatiko hitzen altxorra' liburuan

Iturri ezberdinak erabilita, askotariko testigantzak eta materiala batu ditu Urko Egañak Oñatiren eta bertsolaritzak azken 130 urteetan izan duten harremana jasotzeko. Hitzaurrea Andoni Egañak idatzi du.

Duela bi urte hasi zen Urko Egaña Oñatiko hitzen altxorra idazten. "Oñatiko Bertso Eskolaren 30 urteurrenaren aitzakian planteatu genuen. Testigantza ezberdinak jaso ahala, egitura bat osatu nuen, eta hari denetatik tiraka, puzzle bat osatzen joan gara", dio egileak.

Egañaren esanetan, liburuak dituen 265 orritan, bertsolaritzaren eta Oñatiren azken 130 urtetako harremana lantzen da. "Ez da oñatiarrek Oñatin egindako jarduna bakarrik jasotzen, baizik eta Euskal Herri osotik Oñatira egindako ekarpen ezberdinak jasotzen saiatu naiz. Guk dakigunez, esaterako, lehenbiziko kasua Iparragirrerena da: Oñatira etortzean, Oñati bertsoen bidez ezagutarazten digu, eta Aloña Mendi izenburupean daude jasota liburuan".

Aro ezberdinak lantzen dira bertan, eta material ugari jaso du egileak: "Bertso paperak daude, bat-bateko saiakerak, txapelketak... Oñatin bertan bertsolaritzaren inguruan lan egin duen jendearen presentzia ahalik eta gehien nabarmentzea ere gura izan dut".

Materiala jasotzeko iturri ezberdinak erabili ditu; besteak beste, herritarren testigantzak,  grabazioak eta argazkiak eta baita Xenpelar Dokumentazio Zentroa eta Oñatiko Udala ere.

"Atzera begira jarrita, ikusi dut gure adineko bertsolariek, bere garaian, guk beste plaza egiten zituztela. Lagunarte zabala zen, gero Bertso Eskola ekarri zuena. Egun Oñatin bertsolaritza osasuntsu badago, lehen egindako lanari esker da", dio Egañak liburua eginaz atera dituen ondorioez galdetuta.

Liburuaren azala Mirari Sagarzazurena da, eta bertan, hiru belaunalditako bertsolarien aurpegi zatiekin, aurpegi oso bat irudikatu du: Benito Barrena, Joseba Lasagabaster eta Maider Arregi dira bertsolari horiek.

Hitzaurrea, Andoni Egañak

Martitzenean aurkeztu zuten liburua, eta bertan izan zen hitzaurrea idatzi duen Andoni Egaña: "Azken 30 urteotako kontuak ezagutzen nituenez, pasarte zaharragoak egin zaizkit deigarriak:  Grazianoren bertsoak, Basarrirekin izan zuen ika-mika, Nikolas Segurolaren zenbait pasarte eta bertso, Iparragirre doinuaren jatorria Oñatitik hasita argitu daitekeela... Ahalegina bera da txalotzekoa, Herri guztietan gauza bera egingo balitz, ondare osatu samarra eratuko genuke".

Egileaz eta Andoni Egañaz gain, aurkezpenean Iñaki Olaldek eta Benito Barrenak ere hartu zuten parte. Barrenak, esaterako gaztetan Araotzen bertsotan nola aritzen ziren kontatu zuen, eta besteak beste, gogoratu zuten Sebastian Lizasok Araotzen egi zuela debuta. Sorpresak ere ez ziren falta izan; hala, duela 30-35 urte Imanol Lazkanok eta Joxe Agirrek egindako bertso saio bateko grabazioa eman zuten, eta hainbat argazki ere erakutsi zituzten.

Liburuaren 800 ale atera dituzte, eta herriko liburu dendatan salduko dira; baita Turismo Bulegoan eta Bertso Eskolak antolatutako ekitaldietan ere.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.