Ruper Ordorika: "Musikari handiak ondoan, zuzenekoaren indarra harrapatzen saiatu naiz estudioan"

Jagoba Domingo 2014ko abe. 16a, 00:00
Ruper Ordorika.

Koplariaren istorioak bueltan ekarri ditu Ruper Ordorikak, beste behin. Azken orduan grabatzea erabaki zuen arren, Lurrean etzanda abesti bilduma paregabea da. Ordorikaren imajinarioko bazterretatik hainbat erritmo eta giro islatu ditu, Kenny Wollesen, Leo Abrahams eta Simon Edwards bidelagun izan dituela.

Zelakoak izan dira grabazio saioak?

Saioak zoragarriak izan ziren; oso giro ona egon zen eta berehala jarri ginen denok martxan. Elkarrekin grabatu dugu base osoa eta bi egun inguru eman genituen. Horrek, baina, ñabardura asko eskatzen ditu: gitarra parteak amaitu, ahotsak... hori tarteka anaiarekin egin nuen, Azkaraten, Katarainen estudioan. 

Nola aukeratzen dituzu grabatzeko musikariak?

Kantuek eskatzen didatena egiten saiatzen naizela esan ohi dut; batere erraza ez den kontu bat erantzuteko balio duen esaldia da. Normalean, denbora luzea behar izaten dut erabakitzeko eta ahal dena egiteko dauzkagun baliabideekin. Azukre koxkorrak neure azken urteetako taldearekin grabatu nuen, baina, oraingoan, garbi ikusten nuen aldaketa nahi nuela, eta hortik abiatu nintzen. Kenny Wollesen aspalditik ezagutzen dut, nirekin grabatzen duen zazpigarren lana izan da. Iazko Jazzaldian, John Zorn  Masada kontzertu-maratoi gogoangarrian parte hartu zuen Wollesenek eta Donostian hiru egun eman zituen. Entseguen ostean harekin elkartzen nintzen paseo bat eman edo afaltzeko. Halako batean, nire hurrengo diskorako gitarrista ezagutu zuela esan zidan; nolabait, Abrahams  nirekin oso ondo konponduko zela uste zuen Wollesenek. 

Aurten, ostera, udaberri inguruan, honen guztiaren gainean pentsatzen hasi nintzela, Wolleseni deitu nion, eta orduan jarri ginen martxan. Esan beharra daukat oso berandu erabaki nuela diskoa egitea, ez neukan oso argi aurten egin behar nuenik edo goizegi izango zenik. izan ere, uda aurretik elkarrizketa bat egin nuen eta ez nuen aipatu ere egin diskoa kaleratu behar nuela; neuk ere ez nekielako. Iraileko lehen astean erabaki nuen.

Beraz, dena oso azkarra izan da.

Bai; kantuak baneuzkan, neguan ibili nintzen horretan lanean, baina azken orduan erabakitako emaitza da Lurrean etzanda.

Nola egiten duzu lan kasu hauetan?

Diskoak egiteko hamaika modu daudela argi dago, nork berea izan ohi du. Hala ere, gauza hauek ondo atera daitezen, aurreko lana ezinbestekoa da, oso zehatza izan behar du. Nire kasuan, abestiak goitik behera egiten ditut, baina musikariei ahalik eta askatasun handiena ematen saiatzen naiz, eurengandik ere ahalik eta gehien jasotzeko. Hortik abiatzen naiz; oraingoan, Edwards baxu-jotzaileari eta Abrahamsi kantuak eta partiturak hamabost egun lehenago bidali nizkien. Abrahamsen kasuan, baina, badakit ezin izan zuela lanik egin, bira baten zegoen-eta.

Orduan, grabazio saioek inprobisazio puntu bat ere badute.

Bai, handia, hori da nire asmoa; lehenengo indar hori harrapatzea. Musikari hauek guztiak mundu horretan oso ibiliak dira, musikari handiak dira, eta hori harrapatzea da helburua.

Eta lortu duzu?

Hainbatetan harritu egiten naiz. Diskoa grabatu eta aldi batera hasierako demoak entzuten ditut, eta batzuetan zelako berdintsuak diren harritu egiten nau. Lurrean etzanda era askotariko diskoa dela iruditzen zait, libertate eta freskotasun handia duela uste dut, bat-batean eta indar handiz egindako kantuak.

Istorioak kontatzeko bidea?

Kantua ez da ez berba ez doinua, bien artean sortzen den zerbait da. Ez dakit zer den lehenengo, zerk duen indar handiagoa; nire ustez, oreka bat bilatu behar da; edo desoreka bat, ez dakit.

Teklatuak ere presentzia du.

Hiru kantutan grabatu du Jamie Saftek. Aspaldian ezagutzen dugu elkar, eta musikari handia da. Urrian New Yorken emanaldi bat egin nuen, eta hiru kantu amaitu barik eraman nituen, han Saftek graba zezan. Etxean grabatu genituen Hammond organoa eta Wurlitzer teklatua.

Zuzenekoak noizko?

Lurrean etzanda-ren aurkezpena abenduaren 20an egingo dugu Bilboko Kafe Antzokian, baina diskoaren aurkezpena soseguz hartuko dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak